Lizarbe Guraso Elkartearen eta Itziarko Auzo Udalaren ekimenez, Zabalsoro frontoiak Musu bete urte ikuskizuna hartuko du abenduaren 12an, larunbatez, 17:00etan –ateak ordu erdi lehenago irekiko dituzte–.
Emanaldirako sarrerak 8 euroan jarriko dituzte salgai, gaur (hilak 27), Burugorri gainean, 17:00etatik 19:00etara; eta azaroaren 30etik aurrera, sarrerak agortu bitartean, harrera bulegoan egongo dira eskuragarri, 09:00etatik 15:00etara arteko ordutegian. Informazio gehiagorako, 943 19 92 55 telefonora dei dezakete herritarrek.
Beste behin ere, Porrotx eta Marimotots pailazoak Pupu eta Loreren konpainian ariko dira Zabalsoroko agertokian. Musu bete urte izeneko abentura honen lehen urratsa Leire Bilbaok idatzitako eta Maite Mutuberriak ilustratutako ipuina da; literatur lanak musuen unibertsoa du abiapuntu. Musuz bete ditzagun udazkena, negua, udaberria eta uda. Musuz urtea eta bizitza. Musuekin gure lurra ere biraka jartzen delako, kantuan eta dantzan. Eta gu berarekin! Ze zapore du marigorringo baten musuak? Konta daiteke urte oso bat musutan? Zatoz pailazookin eta jakingo duzu!, dio ikuskizunaren sinopsiak.