Elektrizitatea gara!

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ugalde 2026ko martxoaren 6a

Handia izango da, ederra, pozgarria. Horrelakoa izango da aurtengo Martxoaren 8ko manifestazio ostean gozatu ahal izango dugun musika ikuskizuna.

Badira hilabete batzuk, azken urteotan musika ikuskizun horretan parte hartzen dugunon artean ideia piztu zela: zergatik ez dugu datorren Martxoaren 8an zerbait handia egiten? Zea Mays musika taldeak 2024an Elektrizitatea kantuarekin egin zuen bertsiotik abiatuta etorri zen Soraluzeko 100 emakume batu eta elkarrekin hori abesteko ideia.

Helduko gara 100 emakume elkartzera? Inoiz ez gara hainbeste emakume plazan batu abestera. Lortuko dugu?

Bai lortu, eta baita gainditu ere! Mezua zabaltzen hasi ginen lehen momentutik zerrenda hazten hasi zen, eta 130 emakume inguru elkartuko gara, azkenean. Amak, alabak, ahizpak, lagunak, ezagunak, denak gogotsu. Polita izan da ikustea nola zabaltzen eta saretzen joan den mezua herritarren artean. Horrelako ikuskizunetan inoiz parte hartu izan ez duten emakumeak ere animatu dira, batera abesteak eta batera egoteak ematen duen babesaz animatuta.

Urtarrilean egin genuen lehen entsegua. Honelakoak esaten hasi ginen: "Letria ez dakit oso ondo"; "nik ez dot oso ondo abesten"; "ahal dotena egingo dot"; "ni zure albuan, bestela galduko naiz"… Eta honelakoekin bukatzera pasa gara: "Zu, ba, ez da bape gaizki geratu, ezta?"; "badakit abestixa, barren, politta entzuten da!". Denon arteko konfiantzari eta konplizitateari esker, hasierako zurruntasun eta beldurrak gainditzen joan gara.

Igandean, aldarrikapena gozamenarekin batuko dugu. Oraindik gure gizarte honek berdintasunarekiko egiteko duen lan handiaren aurrean batasuna, indarra eta talentua jarriko dugu Soraluzeko emakumeok herriko kale eta plazetan.

Zorionak eta eskerrik asko denoi. Eskerrik asko hau dena mugitzen eta gorpuzten egon zareten taldekideoi, musikariei eta abeslariei, entsegu ostean jana eta edana ipini digutenei, Musika Eskolari, Udalari, BARRENAri eta baita zuri ere. Hark, zuk eta nik, denok bat eginda izugarrizko energia sortu baitugu herrian! Elektrizitatea gara! Oraindik igandea ez da iritsi, baina dagoeneko handia izan da, ederra, pozgarria.