'Palestine 36'

Erabiltzailearen aurpegia Butaka Gorria

“Palestine 36” filmarekin abiatuko da Elgoibarko Iñaki Agirre Zinema Zikloa ostegunean. 

Annemarie Jacir zinemagile palestinarrak zuzenduriko Palestina 36 filmak emango dio hasiera Iñaki Agirre zinemaldiari aurten. Jeremy Irons protagonistatzat duen filmak 1936ko Palestinako matxinada arabiarra kontatzen du, garaiko tentsio politikoetan eta sozialetan murgilduz. Palestine 36-k nazioarteko ibilbide nabarmena egin du, besteak beste, Torontoko, Londreseko, Tokioko nazioarteko zinemaldietan, eta Valladolideko Semincin ere aurkeztu zen.

SINOPSIA
1936an, Palestina britainiarren agintepean dagoela, tentsio politiko eta sozialak
areagotzen ari dira. Yusuf gazte palestinarra, lan bila Jerusalemera joanda, kolonialismoaren, erresistentziaren eta aldaketa historikoen arteko gatazkan murgilduko da. Filmak pertsona arrunten bizipenak eta 1936-1939ko matxinada arabiar palestinarraren testuinguru historikoa uztartzen ditu.

 

ANNEMARIE JACIR: PALESTINAKO ZINEMA GARAIKIDEAREN AHOTS NAGUSIETAKO BAT

Annemarie Jacir, Palestinako zinemagileak, ibilbide osoa eman du bere lurraldearen memoria, identitatea eta errealitatea pantailara eramaten. 16 film ingururen egilea, zuzendaria eta ekoizlea, zinema palestinar eta arabiar independentea bultzatzeko lan nekaezina egin du.

1997an Philistine Films ekoiztetxea sortu zuen, eta handik hainbat proiektu sustatu zituen, besteak beste, Like Twenty Impossibles (2003), Canneseko Sail Ofizialean parte hartu zuen lehen film labur arabiarra.

2008an, La sal de este mar filmarekin, Annemarie Jacirrek Cine en Movimiento saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian. Une horretan hasi zen jaialdiaren eta palestinar zinemagilearen ibilbidearen arteko lotura berezia. Filmarekin, lehen emakume palestinarra izan zen film luze bat zuzentzen, eta Canneseko Un Certain Regard atalean eta nazioarteko beste hainbat zinemalditan aurkeztu zuen. Ondoren, When I Saw You (2012) lanak Berlingo Zinemaldian Asiako film onenaren saria jaso zuen, eta Invitación de boda lanak (Wajib, 2017) nazioarteko 36 sari baino gehiago eskuratu zituen.

Bere filmografia Palestinako historiari eta giza eskubideen inguruko hausnarketari lotuta dago.

HERRIKO ANTZOKIAN IKUSGAI

Irailak 17, osteguna, 21:00etan
Irailak 18, ostirala, 19:00etan
Iraupena: 119’ ́