Karateka: Amets baten atzetik, tatamian

Erabiltzailearen aurpegia Butaka Gorria

Karateka gaur iritsiko da zinema aretoetara Donostiako Zinemaldian, Belodromoaren pantaila erraldoian, aurkeztu ondoren.

Aritz Moreno zuzendari donostiarrak, Sandra Sánchez, karatearen historian arrastoa utzi duen kirolariaren bizitza eta ibilbidea pantaila handira eraman du. Amets baten alde borrokatzea, zalantzak gainditzea eta inoiz ez amore ematea ditu ardatz filmak.

SINOPSIA
Karateka filmak Sandra Sánchezen istorioa kontatzen du: konbentzio guztiak hautsi eta
garai guztietako karatekaririk onenetakoa izatera iritsi zen emakumearena.
Jesús del Moral entrenatzaile eta bikotekidearen gidaritzapean, Sánchezek ezinezkoa
zirudien bidaia bati ekin zion: 39 urterekin urrezko domina olinpikoa irabaztea,
Japonian, japoniarrak nagusi diren kirol batean eta beteranoenek 30 urte ingururekin
erretiroa hartzen duten garaian.

Maitasuna, arrakasta eta borroka uztartzen dituen istorioa da. Karateaz harago doan
kontakizuna, benetako gertaeretan oinarritua. Sandra Sánchez bera izan da filmaren
aholkularia, Donostiako zinemaldian egindako aurkezpenetan ere bertan egon zen.
Andrea Ros arduratzen da Sandra Sánchez antzezteaz, eta Patrick Criadok Jesús del
Moral interpretatzen du. Haiekin batera, Ernesto Alterio, Pilar Castro eta Mizuki
Yoshida dira, besteak beste, filmean parte hartzen duten aktoreak.

ARITZ MORENO, ZUZENDARIA

Aritz Moreno zuzendari euskaldunak hainbat film labur zuzendu ditu, besteak beste,
Portal mortal (2003), Cotton Candy (2009), Bucle (Kimuak, 2011) eta Cólera (Kimuak,
2013).
2019an iritsi zen bere lehen film luzea, Ventajas de viajar en tren. Lan horrek komedia
onenaren Feroz saria jaso zuen, eta lau izendapen lortu zituen Goya sarietan, tartean
zuzendari berri onenarena. Europako Zinema Sarietan, berriz, komedia-film onenaren
izendapena jaso zuen.
2022an, bere bigarren film luzea zuzendu zuen, Moscas. Lan horrek epaimahaiaren
aipamen berezia jaso zuen Sitgeseko Zinema Jaialdian.

Benetako istorioa, emozioa eta ahalegina, eta guztiaren gainetik, baikortasun-mezu bat
da.

Karateka eta Sandraren istorioarekin hunkitzeko gonbidapena da. Filma urriaren 30ean
iritsiko da ohiko zinema aretoetara.