Ekainaren 13an denok Iruñera!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko maiatzaren 23a

Euskalgintzaren Kontseiluak eta ehundik gora euskaltzalek Euskaltzaleon Martxa antolatu dute ekainaren 13rako, Iruñean. Martxaren hiru zutabeak 17:00etan abiatuko dira, Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik, 18:00 aldera Gazteluko Plazan bat egiteko, eta ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna aldarrikatuko dituzte, Euskaraz bizitzeko behar den dena lemapean. Martxak aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu, euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren baldintzak eskatzeko eta euskaltzale izatearen harrotasunari balioa emateko.

Martxak euskaraz bizitzeko baldintzak eratzeko ezinbestekoak diren hiru oinarri ordezkatuko ditu. Bat, ofizialtasun osoa eskatuko duen zutabea: euskararen normalizazioan aurrera bermez egiteko ezinbestekoa da euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, gaztelaniaren eta frantsesaren pare, bestelako baldintza murriztailerik gabe. Bi, hizkuntza-politiketan eman beharreko jauzia aldarrikatuko duena: euskarak etorkizunik izango badu eta mundu aldaketa hauetara denetara egokituko bada, premiazkoa da paradigma aldaketa bat gertatzea hizkuntza-politiketan, eta euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzea. Hiru, euskaltzaletasuna: herritarron ardura eta eginkizuna azpimarratu ez ezik, balioetsi egin nahi da zutabe horren bidez.

Euskarak aurrera egingo badu, herritarron ekarpen eta ekinari esker izango da, beste garai ilun batzuetan bezala, euskaltzaleon ekimen antolatuari esker! Apuntatu agendan, hozkailuko atean, mugikorrean... ekainaren 13a. Izan dadila Iruñea Euskal Herri osoko euskaltzaleen bilgune erraldoia!

A.I.