Umeentzako jaki-ontzietan milaka mikroplastiko!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko maiatzaren 31

Greenpeacek egindako ikerketaren arabera, Danoneren eta Nestleren umeentzako janari-ontziak milaka mikroplastikoz kutsatuta daudela jakin berri dut. Bertan zehazten denez, plastikotan bildutako haurtxoentzako elikagai horiek polimero sintetikoen sarbide handia dira. Horietako elikagai-errazio bakoitzak 11.000 mikroplastiko-partikula izan ditzake.

Norvegiako SINTEF Ocean institutuak eskatu dio Greenpeaceri ikerketa egiteko, eta honek pouches izeneko poltsa malguetan saltzen diren ontziak aztertu ditu. Orain arte, jaki horiek nagusiki beirazko ontzi txikietan saldu izan dira. Azken urteetan, ordea, poltsatxo malgu horiek zabalkunde handia izan dute eta dagoeneko mundu-mailako merkatuaren %37 hartzen dute.

Danonek eta Nestlek ontzi mota horretan saltzen dituzten purean, zukuan eta jogurtean dauden mikroplastiko kopuruak ikertu dira, eta ondorioak oso kezkagarriak dira. 

  1. Nestlek Gerber markarekin saltzen dituen produktu horietan gramoko 54 mikroplastiko-partikula atzeman ditu. Horrek esan nahi du 100 gramoko anoa batean 5.000 partikula baino gehiago daudela.
  2. Happy Baby Organics da gisa bereko produktuak saltzen dituen Danoneren marka, eta horietan mikroplastikoen kopuruak handiagoak dira. Sei hilabeteko umeentzako bildutako ahi eta pure ontzi malgu horietan 99 mikroplastiko-partikula daude gramoko, 496 koilaratxo bakoitzeko, eta poltsa osoan 11.000tik gora egon daitezke.

Ondorioa: ontzi horien diseinuagatik, plastikoa eta elikagaien kontaktu-azalera oso handia da, eta kontuan hartuta fruituen azidotasuna eta esnekien grasa kopurua, horrek errazten du ontziaren partikulak elikagaira joatea.

Ikerketari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzue, El Salto-k landutako artikulu honetan irakur dezakezue: elsaltodiario.com/plastico/greenpeace-particulas-microplastico-comida-bebes-nestle-danone.

A.I.Z.