Elizako erlojuaren kanpai hotsak

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko uztailaren 5a

Noizean behin nor edo nork bere kexa argitaratzen du Elgoibarko parrokiako kanpai-hotsak direla eta. Azkenekoak, oharkabean edo ez, inguru horretan bizi garenon izenean edo nolabaiteko kontsentsu bat balego bezala idatzi du.

Zer esango dut, ba, nik? Urtean zehar badira loak hartzeko zailagoak gertatzen diren gauak: ardura edo kezkaren bat dudalako, bero handiegia egiten duelako edo inoiz urduri egon naitekeelako.

Erlojuaren kanpaiek ez ohi didate lo egiteko eragozpena arintzen, ezta handitzen ere. Lorik egin ezinik nagoenean, gehiagotan aditzen dut erlojua esna nagoelako, baina ez nago esna edo lorik egin ezinik erlojuaren hotsengatik. Areago, kanpai hotsak isiltasunean itzaltzen ari diren une horiek nire patxadara etortzen laguntzen dit batzuetan. Ez didate ezertxo ere soluzionatzen, ez, baina traba ere ez didate egiten erlojuaren kanpaiek.

Egia esan, ume txikia nintzenetik bizi naiz parrokia ondoan. Urteak pasatu dira ordutik, pertsona heldua naiz eta.

Hortaz, nire iritziz, ondo daude daudenetan.

Badira beste hots batzuk niretzat benetan gogaikarriak: xurgagailu eta erratz mekanikoarena; zaborra biltzeko zerbitzuena; kale hotsa, jaiak eta antzekoak direnean; baina kolektibo batean bizi naiz, zerbitzu horiek derrigorrezkoak dira gure bizikidetzarako eta jaiak gure gizartearen parte dira.

A.G.G.