Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu ekimenari ekarpen ekonomiko zein materiala egin dioten komertzioei eta babesleei, azken asteetan beraien inguruetan normalean baino korrikalari gehiago ikusi dituzten baserritarrei, ibilbidea garbitzen asteak eman eta bizkarreko minez dagoenari, denboretan segundo batek ere alde egin ez zezan aplikazioa sortu eta helmugan dortsalak zenbatzen egon zirenei, dortsalak banatzen orduak eman zituztenei, ibilbidea ondo markatu, ireki, jaso eta garbitzeaz arduratu zirenei, goizeko seietan muntaketarako esnatu zirenei, bidegurutze bakoitzean partaideak gal ez zitezen petoa jantzi zutenei, kontsignan motxilak zaindu zituztenei, anoaguneetan eskuak laranjaz zikindu zituztenei, Deba eta Itziar artean garraiolari lanetan aritu zirenei, milaka argazki atera zituzten argazkilariei, korrikalariak zetozela abisatzeko ziztu bizian jaitsi ziren txirrindulariei, martxa eta lasterketari hasiera emateko eztarria urratu eta birikak hustu zituzten bertsolari eta dultzaineroari, ekimena girotu zuen esatariari, Itziar Traileko lantaldeari, zuen esperientzia gurekin partekatzeagatik, eta parte-hartzaile zein animatzaile guztiei.
Baina, batez ere, egunean bertan zein hurrengo egunetan euskara ahoan duzuenoi.
Euskaraz bizi nahi dugu eta kirola ere euskaraz egin nahi dugu.
Zuhatza Trail lantaldea