Urazandik ez du zurrumurru edo isiltasunik behar, erantzunak baizik

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko uztailaren 5a

Duela hiru hilabete, Errezabaleko egoitzako obrak aldi baterako geldiaraztea onartu zen, inguruko errepide eta etxeetan antzemandako kalteen ondorioz. Harrezkero, hainbat gertakari izan dira –errepide nagusira isuritako urak, Urazandiko errepide eta espaloian pitzadurak, etxe batzuetan mugimenduak, aurretik zulatutako mendia berriz ere lurrez bete izana...–, Urazandiko bizilagunen artean kezka eta ziurgabetasun larriak eragin dituztenak.

Hori horrela, EH Bilduk argi du bere udal lana oinarrizko hiru helburutara bideratu behar dela: lehenik, arazoa behar bezala kudeatzen eta udalerriaren interes orokorrak babesten laguntzen duen guztian laguntzea; bigarrenik, Udalak egoera hori modu eraginkorrean, gardenean eta legezkotasunaren arabera kudea dezan zaintzea; eta, hirugarrenik, herritarrengandik egunero jasotzen ditugun galdera, zalantza eta kezkei zorrotz erantzutea.

Hiru helburu horiek ezinbesteko baldintza bat partekatzen dute: informazio osoa, egiazkoa eta garaiz emandakoa izatea.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu publikoki salatzea informazio hori ez dela iristen ari egoeraren larritasunak eskatzen duen maiztasun, xehetasun eta gardentasunarekin, ez EH Bilduren 7 zinegotziko taldera, ezta, larriagoa dena, auzotarrengana.

Hasiera-hasieratik bai ahoz, bai Lurralde Batzordean baita idatziz erregistroaren bidez ere, beharrezko datuak eskatu ditugu, antzemandako arazoen benetako neurria eta horiei aurre egiteko hartutako erabakiak ezagutzeko. Hala ere, orain arte jasotako informazioa partziala, eskasa eta, kasu askotan, berantiarra izan da.

Jarduteko modu horren azken adibideak:

  • Apirilaren 1ean gelditu ziren obrak, enpresari hainbat baldintza ezarriz. eta Martxoko Osoko Bilkurak hitzez-hitz baldintza hau ezarri zion enpresari: «Hormetan jarritako dianen neurketen kontrola egiten jarraituko da, eta Udalari bilakaeraren txostena emango zaio hilero» Hiru hilabete igaro dira, eta ez du udaleko hirigintza arduradunak ezer informatzeko horretaz?
  • Maiatzaren 22an, obrak egiten ari den enpresari Udalak eskatu zion "lehen txosten betearazle argi eta ordenatu baten bidez formalizatzeko egungo egoerari buruzko informazioa", eta hamabost eguneko epea eman zion horretarako. Baina ekainaren 23an, Udal Gobernuak esan zigun enpresak atzerapen eskaera bat egin zuela, eta Gobernuak atzerapena arrazoikotzat jo zuela. Ekaina bukatuta, oraindik ez dago informerik.
  • Maiatzaren 4tik aurrera, enpresak euste-plan bat egin zuen, non zuloa eta bide ingurua lurrez betetzea erabaki zuen, hiru geologia-txosten kontratatu zituen eta Udalak laugarren bat. Aldiz, ekainaren 23an Udalak esan zigun ez zuela informaziorik guri emateko? Udalak ilun jarduten segitzen du.
  • Asteartean, ekainaren 30ean, auzokoekin egindako bileraren aurretik jakin genituen geldialditik hona egindako gauza batzuk, ahoz eta inongo idatzirik gabe.

Egoera honek erantzun argia merezi duten galderak planteatzen ditu. Nagusietako bat: ez gaude arazo tekniko huts baten aurrean. Auzotarren bizimodua eta ondasunak, etxebizitzak alegia, jokoan daude; beraz, arazo existentziala da haientzat. Erantzukizun teknikoaren gainean erantzukizun politikoa ere badago, humanoa, eta Udalaren jarduna obrak egiten ari den enpresaren erantzukizun teknikoaren gainetik sendo agertzen ez den bitartean, bere autonomiatik zuzendaritza tekniko-politikoa hartzen ez duen bitartean, oker dabil eta auzotarren kezka handitu besterik ez du egingo.

EH Bildu Elgoibar