Lan ordu poltsa bat euskara doan ikasteko

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko uztailaren 12a

Iaztik, Batera Elgoibar deritzan euskararen aldeko egitasmoa garatzen ari gara hainbat eragile, batzuk kolektiboak, beste batzuk norbanakoak. Herriko elkarte, ikastetxe, euskaltegi, kirol klub eta merkatari elkarte ia guztiak ari gara. Guztira, ehundik gora eragile.

Helburua euskararen hedapena eta erabilera sustatzea da eta herri-itun bat egitekotan gara konpromiso batzuk bilduta. EH Bildutik bi mailatako konpromisoak proposatzen ari gara. Batetik, gure antolakundearen barrura begirakoak eta bestetik herritarrei begirakoak. Bigarren hauek dira gure jardun politikoaren muina.

 

Baina hitzezko adierazpen hutsak egin barik, EH Bildu errealitate sozialaren baldintza materialak hobetzeko dago eta euskararen kasuan, bere egoera neurtzen duten adierazleen hobekuntza bultzatzeko.

 

Zentzu honetan, bada proposamenen bat azken bileran aipatu genuena: langileek Euskara doan ikasteko lanordu poltsa bat edukitzea udal aurrekontuetatik finantzatuta. Beharra handia baita. Datuen arabera, hiru gauza, besteak beste, ondoriozta daitezke: industrian gero eta presentzia handiagoa du euskarak eguneroko jarduketetan, baina oraindik ahula; jendaurrean ari diren merkatari-langile eta tabernarien artean mugatua da euskararen gaitasuna (300 langile euskaldundu beharko lirateke); kirol klubetan ari diren entrenatzaile guztiak ez dira euskaldunak.

 

Nola hobetu egoera, jendeak denbora eta aukerak murritzak dituenean? EH Bilduren proposamena da euskara ikasi nahi dutenei, ikastaroak eskaintzea beren lan orduetan.

 

Jakina, langile horien orduak ordeztu egin behar dira. Nola ordaindu hori? Batera herri itunaren testuinguruan, EH Bilduk proposatzen du udal aurrekontuen bidez ordaintzea.

 

Eta gai hau aurrekontuen ohiko lehia politikotik at egoteko, hemendik gonbidatzen ditugu udalbatzan diren beste alderdiak, EAJ eta PSE, elkarrekin jartzera egin behar diren kalkuluak egin eta hiruen artean hurrengo urteetarako hitzarmen bat gauzatzeko.

 

Ederra eta baliotsua litzateke Elgoibarko euskarari aurrerapena ekarriko liokeen holako konpromisoa sartuko balitz oraindik orain lantzen ari garen herri itunean. Garaiz gaude, prest gaude.

 

EH Bildu Elgoibar