Izan ere, 40 urte dira Deban Kilometroak ospatu zela, 1986. urtean. Ez naiz kantuaz oroitzen, agian norbaitek abestu ahal izango du oraindik ere, baina, dakidanez, aitak esanda –antolatzaile aritu zena–, ordura arteko jendetsuena izan zen Deba-Itziarren ospatu zen Kilometroak hura.
Benetan berezia izan zen, bai arrakasta aldetik eta baita helburu aldetik ere. Debako ikastola, euskal hezkuntza eta hizkuntza lantzeaz haratago, ongizate sozialaz arduratu zen. Itziarko Ama ikastolak ez zuelako nahi bere "seme-alabak" etorkizunik gabe geratzea. Horretarako, 14-16 urte bitarteko gazteentzat ofizio eskola bat sortzea izan zen Kilometroak haren helburu. Euskal Herriaren babesa izatea lortu zuten, gainera, ordura arteko Kilometroak jendetsuena izatera iritsiz, 120.000 pertsonarekin. 20.000.000 pezetako (120.000 euro) diru bilketa lortuz, kontuan izanda txikito baten prezioa 15 pezeta (9 zentimo) zela.
Gogoratzen dut
lehenengo aldia,
amarekin eskutik
sartu nintzenean,
mantala eskuan,
begiak malkotan,
Kontxitaren maitasuna aurpegiko irrifarrean.
(Brigade Locoren abestiaren moldaketa)
Hau izan zen nire lehen eguna oharkabeko euskal militantzian. Festaz jantzitako borroka hartan egin genituen gure lehen aldarrikapenak; Ipuruan Kilometroetako pankarta erraldoia zabalduz, errifak salduz, edo eta aitarekin kotxean megafoniaz herriz herri Kilometroetara jendea gonbidatuz.
Ezin aipatu gabe utzi lanketa honen atzean egon ziren guraso, ikasle, familia eta, nola ez, klandestinitatean ikastola sortu eta aurrera eraman zuten irakasle guztiak. Herria zuetaz harro dago eta historian txertatuta geratuko da zuen euskararekiko maitasuna.
Hauei guztiei esker, izan zirelako, gara eta garelako, izango dira!
Gorka agirrezabala