‘Naza’ dokumentala libre eta doan

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Yuval Abraham-ek eta Rachel Szor-ek, Naza dokumentalaren zuzendariek, mezu hau zabaldu dute: "Interes publikoa medio, Raquel kideak eta biok erabaki dugu filma Interneten doan eskegitzea, era mugagabean, munduko edozein pertsonak dokumentaleko soldaduen lekukotzak ikusi eta entzun ditzan. Aste gutxi barru izango da, azaroan, ahal dugun azkarren".

Horrez gain, Israelgo zinema aretoei mezua bidali dietela jakinarazi dute, debalde eskaintzen dietela filma, sorburua duen lurraldean ere estreina dadin mundu mailan bezalaxe: "Biolentzia handia dago film hau ezkutuan mantentzeko, eta, beraz, ausardia handiko erabakia litzateke proiektatzeko hautua egitea".

Irailaren hasieran, Veneziako zinema jaialdian estreinatu zuten Naza dokumentala. Harrera beroa jaso zuten zuzendariek. Epaimahaiak ez zien sari handirik eman, baina bai aipamen berezia. Israelgo Gobernuak berehala erantzun zuen: "Ikerketa abiatu dugu bi zinemagileen iragana aztertzeko, ez ote duten Palestinako erradikalekin harremanik izango. Litekeena da herritartasuna kentzea ere".  

Aurrekoan, Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten, Perlak sailean, eta baita saria jaso ere: Donostia Hiria Publikoaren Saria. Victoria Eugenia antzokian egin zuten emanaldi berezia. Zuzendariak falta ziren; jasotako mehatxuen ondorioz, ez agertzea erabaki zuten. Zinemaldiaren bueltan, ugaritu egin ziren Palestinaren aldeko ikurrak. Baita We are Naza too aldarria ere (gu ere Naza gara).

Adi, beraz: filma eskuragarri dagoenean, ikusi eta zabaldu!

I.A.Z.