'Bidean bat gara'

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Urriaren 18an Nafarroa Oinez 2026 ospatuko da, Bidean bat gara lelopean. Ibilbidea Zizur Nagusia-Ardoi eta Galar inguruan egingo da, Erentzun eta San Fermin ikastolak lotzen dituen bidean.

Ibilbidea ez da bi ikastolen arteko lotura soilik izango. Antolatzaileen esanetan, euskararen alde egiten dugun bidea ere bada: euskara sustatzeko, indartzeko eta normalizatzeko bidea, eta euskaltzale guztiak elkartzeko eta sareak sendotzeko topagunea. Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin eta euskaraz bizitzeko eskubidea aitor dezatela ozen aldarrikatzeko eguna izango da.

Kontzertuak, ikuskizunak, familientzako proposamenak, haurrentzako eskaintza eta gazteei zuzendutako ekimen bereziak izango dira egunean zehar.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurtengo helburuetako bat Nafarroa Oinez ahalik eta jasangarriena, irisgarriena eta inklusiboena izatea da. Horretarako, garraio publikoa erabiltzea erraztuko da, aparkalekuak zentralizatuko dira eta bizikletaz joateko aukerak sustatuko dira. Mugikortasun urriko pertsonentzat ere berariazko neurriak izango dira. Era berean, edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dira eta elikadura behar bereziak dituzten pertsonentzako eskaintza egongo da.

Beraz, apuntatu agendan eta goazen denok Nafarroa Oinezera! 

A.A.