Akordatzen naiz orain dela 37 urte zelan topo egin genuen kalean: "Imanol, ezin diagu Elgoibarko Izarra desagertzen utzi! Zerbait egin behar diagu!". Orduan zabaldu ziren Elgoibarko Izarraren bigarren etapako ateak. Orduan erabaki nuen nire bizibidea Elgoibarko Izarra izango zela. Akordatzen naiz Elgoibarko Izarra ez zela lana eta militantzia bakarrik. Akordatzen naiz Pello, Andres eta laurok zelan joan ginen Pirinioetara, zu mendi-gidari zinela. Akordatzen naiz Tourmaletera ere zelan joan ginen lagunartean bizikletak hartuta, Adrianen kamioian. Akordatzen naiz planak, batez ere, zureak zirela; akordatzen naiz zelako ondo pasatzen genuen.
Baina dena ez da poza izan, Iñasio, eta akordatzen naiz Aitzolek behin zelan esan zidan aita gaixorik zegoela. Akordatzen naiz negar egin genuela biok. Zure gaixotasuna dela eta, Marijuli hobeto ezagutu dut. Zelako emakumea izan duzun aldamenean. Akordatzen naiz Olatz eta biak zelan igo ziren Herriko Antzokiko oholtzara iazko abenduaren 3an. Itzela izan zen. Eta zu behetik begira, pozik eta harro. Akordatzen naiz zu ere igo zinela oholtzara, Institutuaren ordezkari moduan, herriaren esker ona jasotzera.
"Txino, Iñasio hil da!". Ez dut sekula ahaztuko Amaiak zure heriotzaren berri eman zidaneko unea.
Hori dena akorduan hartuta esango dizut agur. Hori bai, herri hau euskalduna izatea lortzen dugunean, kasu egingo dizut, eta plazan bilduko gara Elgoibarko euskaltzale guztiok, euskaldunak izateko herri-ametsa bete dugula ospatzeko. Ordura arte, Iñasio!
Imanol Larrañaga