Gardentasunaren alternatiba, susmoa

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Saramagoren hitzak dira izenburukoak, baina guri buruz dihardute. Izan ere, harro astintzen du Elgoibarko Udalak gardentasunaren bandera; Errezabal obrak eragindako Urazandiko auzotarren aurrean ere etengabe aldarrikatzen du haren garrantzia. Hitzetatik ekintzara igarotzeak nekezagoa dirudi, ordea.

Erakunde bat ez da gardena gardena dela saltze soilagatik. Gardentasunak inplikatzen du haren gestioa herritarrei irekitzea eta haren erabaki, ekintza zein baliabideetara sarbidea bermatzea. Gardentasunak inplikatzen du, besteak beste, herritar batek dokumentazio publikoa eskatzen duenean hura eskuragarri jartzea, inoren pribatutasuna edo segurtasuna arriskuan jarri ezean.

Errezabalgo lanak hasi zirenetik izan dugu kezka auzotarrok, gure etxeetan eragiten ari ziren kalteengatik. Kezka hori areagotu baino ez du egiten lanekin loturiko txostenak helarazteari behin eta berriro uko egiteak Udalak. Zer zaio deserosoa? Zer ezkutatu nahi du? Ni neu apiriletik aritu naiz horiek eskatzen: telefonoz lehenik, sarbide telematikoaren bidez ondoren, halako batean udaletxean ikuskatzeko baimena lortu nuen –milaka orri goiz batean, alajaina!–, baina horietako batzuk bidaltzeko eskatu eta berriro ere luzapenak, ia gaur arte.

Berriki Eusko Jaurlaritzaren Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak ebatzi du Udalak dokumentazio hori nik eskatutako formatuan helarazteko betebeharra duela; niri arrazoi eman dit. Eta hala egin du, behingoz. Pozik nago, administrazioaren burokrazia den munstro erraldoi horri bataila txiki bat irabazi diodalako; haserre ere bai, halakorik egiteko beharrik izan beharko ez nukeelako.

Bukatzeko, nire antzeko egoeran dauden herritarrak animatu nahi ditut halako auzibideetan aurrera egitera, administrazioaren luzamendu edo ihesbideen aurrean amorerik ez ematera, eta dagokigun hori exijitzera. Eta Udalari berriz gogorarazi herritarrekin dituen betebeharrak bete behar dituela; are, gure auzoarena bezalako egoera katramilatsu batean.

M.O.O.