"Auzoko Elkarrizketak", berbetaldi irekia hizkuntza eta kultura aniztasunaz

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea

Pil-pileanek eta udalak antolatuta, herriko hizkuntza eta kultura aniztasunari buruzko saio irekia egingo da azaroaren 25ean, goizez. Euskaratik gertu zein urrun dauden herritarrak gonbidatzen ari dira antolatzaileak, herriko errealitatea islatu dadin bertan.

Soraluzeko gaur eguneko errealitatetik abiatuta desiragarria den etorkizuna irudikatuko dute bertaratutakoek, dinamika parte-hartzaileen bidez elkarren ahotsa entzun eta, denen artean, bidezkoagoa eta inklusiboagoa izango den herria eraikitzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, elkarrizketa modu eraginkorrean emateko, hainbat errealitatetako pertsonak beharko dira: euskararen normalizazio prozesuan interesa dutenak, gizartera aniztasuna eta aberastasuna ekarri dutenak, euskal hiztunak, beste hizkuntza batzuetako hiztunak, euskaratik gertu zein urruti daudenak...  

Horregatik, eta elkarrizketa taldeak «herriko errealitatea ahalik eta modu zintzoenean ordezkatu dezan», herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia: «Aniztasuna hizkuntzaren ikuspegitik ere lantzea behar-beharrezkoa delako, elkarrengana hurbilduz eta bizipenak trukatuz». Beraz, Soraluzen bizi den edo bertan lan egiten duen edozeinek parte hartu dezake.

Saioa azaroaren 25ean egingo da, 10:15etatik 12:15era, Kalebarren 8ko goiko aretoan. Parte hartzeko asmoa dutenek helbide honetan eman dezakete izena: https://auzokoelkarrizketak.taupamugimendua.eus/herria/soraluze/

AROA herri planaren eta harrera komunitarioaren osagarri

Datozen hamar urteetarako ekintza-plana osatu zuten soraluzetarrek, 2024-2026 artean egindako prozesuaren bitartez. Aurkezpena egin zuten aurtengo Korrikaren atarian eta datozen hamar urteetan euskara biziberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko planaren berri eman zuten bertan. Hala, planean jasota dagoen ardatzetako bat garatuz, "Auzoko Elkarrizketak" saioaren bitartez,  herriko hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara uztartzeko gizarte elkarrizketa egingo da eta planean jasota dagoenarekiko osagarriak izango diren ekarpenak jasotzea espero dute antolatzaileek.

Era berean, atzerritik herrira bizitzera datozen pertsonei harrera komunitarioa nola egin lantzen hasita daude herriko eragileak azken asteetan. "Auzoko Elkarrizketak" ekimenak ikuspegi eta bizipen askotarikoak elkartuko ditu eta harrera komunitariorako ere ekarpen garrantzitsuak jasoko direla uste dute antolatzaileek.