Mozorroak

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Almortza 2026ko otsailaren 13a

Inauteriekin batera heldu da urteko arroparik garestiena erosteko garaia. Garestiena diot, erabilera bakarra ematen diogun mozorroa erostera ohitu garelako azken urteotan. Badira mozorroak lagunei edota familiako kideei eskatu eta berrerabiltzen dituztenak, baina, orokorrean, lehen aldiz jantziko dira arropa hauek asteburuan.

Datu gisa, Donostian bigarren eskuko mozorro azoka bat antolatu dutela entzun dut. Kontsumismoaren aurkako neurri interesgarri bat izan daiteke, eta, pentsatzen hasita, ez legoke txarto herrian ere horrelako truke-azoka bat antolatzea. Mozorro berri edo zahar, kolore ezberdinek hartuko dituzte herriko kaleak asteburuan, eta ez da festarik faltako.

Joan den urtean ikusi nuen mozorrorik originalenarekin gogoratu naiz idazten hasi naizenean. Karnabaletako zapatu gauean elkartu nintzen I-rekin, eta zertaz jantzita zihoan galdetu nion. Izan ere, kaleko arropa zeraman, apur bat ezberdina, baina egun arrunt batean erabiltzeko modukoa, itxura batean. "Elgoibarren inoiz jantziko ez nukeen arropa jantzi dut", esan zidan. Mozorroa ere bai, baina ideia bera iruditu zitzaidan guztiz interesgarria.

Inauterietan mozorrotzen garenean gure egunerokotasuneko itxura alde batera utzi eta beste pertsonaia bat bilakatzen gara. Hala ere, ezin ukatu alderantziz ere gerta daitekeenik: egunero mozorrotu behar izatea bizitzako esparru ezberdinetan egokitzeko. Beraz, ez al dira Inauteriak eguneroko mozorroa alde batera utzi eta benetako izaera erakusteko egun aproposak?