Gaztien Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Almortza 2026ko ekainaren 13a

Kurtso amaierak dakarren anabasaren erdian, hautsak harrotu dituen gai batek zalaparta sortu du gazteon artean. Sanbartolomeetako Gaztien Eguneko bazkariak zeresan handia eman du edukiera murrizteko hartutako erabakiagatik. Joan den asteko BARRENAn Ikerrek gai honi heldu zion, eta erantzuteko hain erraza ez den galdera egin zien irakurleei: Gazte Eguna, zertarako? Nik ere zer pentsatu izan dut honen harira.

Hala ere, erantzunak bilatzen hasi aurretik, beste galdera bat erantzun beharra dagoela uste dut: zer da Gaztien Eguna? Inguruan galdetuz gero seguru nago definizio ezberdin asko aurkituko nituzkeela; parte-hartzaile adina, akaso. Pentsatzen dut haietako asko egun honen hasierako urteetako definiziotik asko urrunduko direla; beste batzuk, aldiz, ez hainbeste. Dena dela, argi dagoena da bazkariaren definizioan politikari lotutako ideiak gero eta urriagoak direla.

Aurreko asteko iritzian, bazkaria despolitizatuta dagoela aipatzen zuen Ikerrek. Nik neuk ere halaxe uste dut. Orokorrean, ongi pasatzeko helburuarekin doa jendea bazkarira, bestelako borrokak edota helburuak alde batera utzita. Arrazoi ezberdinak medio, egunaren nortasuna ezkutatuta geratu dela iruditzen zait. Haatik, naturalki gertatu den zerbait dela pentsatzen dut, parte-hartzaileon araberakoa baita egunaren izaera ere, azken finean.

Nire ustez, edukierak sortu duen arazo hau aukera gisa ulertu behar da. Bada ordua egun honen bilakaeraren inguruan hausnartzeko eta egunari zein norabide ematea nahi diogun erabakitzeko. Ni ere, ziur aski, elkarrizketa horretara batuko naiz ogi eta sagardo artean filosofatzera, ea galderen erantzunak aurkitzen ditugun.