Azaroaren 22a: Santa Zezilia, Musikarien Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Almortza

Aste bizi-bizia izaten ari da honako hau musikari dagokionez. Kalejirek eta kontzertuek kaleak alaitu dituzte hainbat egunetan eta asteburuan ere izango da aukera musika doinuez gozatzeko. Umeengandik hasita, helduek zein adineko pertsonek hartu dute –eta hartuko dute– ekitaldi hauetan parte, herriari formatu eta mota askotariko musika eskainiz. Gehientsuenek jakingo duzue horren arrazoi nagusia zein den: igande honetan, azaroak 22, Santa Zezilia Eguna izango da, Musikarien Eguna.

Haurra nintzela, eskolako goizean goizeko kalejiran parte hartzen nuen, musika eskolatik ere kalera ateratzen ginen eta auditoriumean kontzertuak ematen genituen. Orain ere, ikasleekin batera emanaldiak prestatzen jarraitzen dut. Udal Musika Bandak mimo handiz prestatutako kontzertua disfrutatzeko aukera izango dut, baita ondoren etorriko den bazkaria ere –eta gero, gerokoak–.

Egun hau ospatzearen zergatiari ez diot inoiz buelta askorik eman. Hala ere, kuriositateak jota, Santa Zezilia musikarien patroia zergatik den ikertzen ibili naiz iritzi-artikulu hau idazten hasi aurretik. Barkatuko diozue nire kristau jakintzarik ezari, baina, oso-oso labur esanda, Zezilia, Erromako familia noble batekoa, kristau bihurtu zelarik martirizatu egin zuten. Bizirik zela Jesusi abesten omen zion, eta diote bertatik datorrela musikarekiko lotura hori. Gaur egun, santuen izenak erabiltzen jarraitzen dugu, baina noiz arte? Ez dakit zuei, baina niri azaroaren 22a, Musikarien Eguna a secas, agian, gehiago gustatzen zait.