Erabakiak, erabaki

Erabiltzailearen aurpegia Alicia Lorenzo 2026ko urtarrilaren 31

Azken bolada honetan, etxean obrak egin eta gero, nire mugikorreko sistema adimendunek nik neuk ere ez nekizkien behar batzuk sortu dizkidate: txanpiñoi itxurako mahaigaineko lanpara batetik hasita, ia denetik egiten omen duen robot adimentsu bateraino. Diotenez, tresna digital horiek dena dakite gutaz, eta gomendioetan ausartak dira… baina zalantzan jartzen dut nire benetako beharrei buruz zenbat dakiten. Etxea hauts artean daukadanean spako bainu‑gatzak edo zure biharamunak gozatzeko belar‑infusio bat proposatzea, behintzat, bitxia egiten zait.

Hala ere, benetan kezkagarria dena ez da gomendio automatizatu hauek noizean behin huts egitea. Kezkagarriena da guk hori horren lasai onartzea. Gure eguneroko erabakiak –txikiak diruditen horiek ere– gero eta gehiago gailu digitalen esku uzten baditugu, ez al gara pixkanaka geure irizpidea galtzen ari? Eta gidari bihurtzen badira, nor arduratzen da behar bezala hezteaz?

Nor ari da erabakitzen zer den desiragarria eta zer baztergarria? Nork bermatzen digu historiaren alde onean jarraitzen dugula? Horregatik, ezin gara despistatu: gaur egun, despistatzea erraza bezain arriskutsua da.

Nik oraindik sinetsi nahi dut etorkizuna ez dutela algoritmoek bakarrik erabakiko. Klik bakarrean eta baldintzak irakurri gabe ez diegula makinei boterea emango, ezta? Geure erabakiak hartzeko askatasunari eutsiko diogula. Tira, robota oraindik ez dut behar, baina txanpiñoi itxurako lanpara hori… agian, oraingoan, asmatu egin dute.