Ariketa filosofikoa edo hitz joko hutsa ematen badu ere, adierazi nahi dudana ulertzeko abiapuntu ona da egindako sarreratxoa. Guztiok dugu NAN edo Nortasun Agiriaren Numeroa. Nor izateak, ordea, izen eta deitura soilak baino gehiago eskatzen du: pertsona moduan dituzun premiak asetzeko, etorkizuna proiektatzeko, herri bizitzan partaide izateko bitartekoak behar dituzu. Izan ere, botere handiagoa dutenen menpeko zer bihurtzen bazara, ez zara inoiz inor izango. Asko dira mundu zabalean, herri nahiz gizaki, haundi-maundi ase-ezinen gehiegizko norkeriak ezerezera kondenatu dituenak.
Nor gara? Badugu, zorionez, gure nortasuna babesten lagunduko digun funtsezko erreminta: elkartasuna. Gure ohitura, jolas, kantu, dantza, jai eta, guztien gainetik, hizkuntza da nortasunaren gordailu. 100 urte ez dira asko. Are gutxiago iragana direnean. Elgoibarren, Euskal Herriko beste leku
gehienetan bezala, %90k jakin eta erabiltzen zuen euskara eguneroko jardunean. Badakigu zer ekarri zigun gure nortasuna suntsitu nahi izan zuen diktadurak. Ez zuela lortu esaten dugu, baina kalte handia egin zigun. Euskaldun asko daude euskara jakinda ere erderara jotzen dutenak. Agur, gero arte, hasta gero, ondo ibili, zorionak... eta beste banaka batzuk erabilita, euskaraz ari direla uste izateraino.
Gaur egun Elgoibarren hizkuntza mota ezberdin asko entzuten dugu. Kanpotik etorri diren horiek, eurena gordez, argi ikusten dute gure hizkuntza bigarren mailakoa dela, ez dutela zertan ikasi. Orain ez digu balio diktaduraren aitzakiak. Guk geure burua aintzat hartzen ez badugu... zer eskatu inori?
Lazkao txiki bertsolariak aspaldi egindako iragarpena datorkit gogora: “Egunen batean gure arteko solasean lasai asko komunikatuko gara erderaz, euskaraz ari garelakoan”. Aurreikuspen hori betetzen ari dela esango nuke.
Badakigu 100 urte barru egingo duten hizkerak ez duela gaurkoaren itxura berdina izango, baina euskara izaten jarrai dezan eman diezaiogun gure nortasunaren bultzada. Gizarteko harremanek kontzertu harmoniatsu baten modukoak izan behar lukete. Geure musika jotzen ez badugu, tresna uhartu egingo da eta harmonia polifonikoa galtzaile izango da. Nor zara? Nor gara?