Natural bizi

Erabiltzailearen aurpegia Angel Ugarteburu

Hitzak eurak dira maisu. Pertsona eta herri askoren historia eta bizipenen aztarna dira erabiltzaile ohartuarentzat. Natus (jaioa) eta hortik natura eta naturala. Naturan bizi gara natural jaio ginenetik. Hasierak berak markatu zigun ibilbidea, eta, bide horretan, gure alde zein aurka, aurki ditzakegun bultzada zein galgek halabeharrezko eragina izango dute gure osasunean, arrakastan zein porrotean. Ingurunea dugu berezko etxe eta partekatzen dugun garaia, lekua, herriak, pertsonak, animaliak gure bidaide. Natura eta gizartea, beraz. Biak errespetuz zaindu beharrekoak, geure buruak zaintzeko bide bakarra horixe baita.

Airearen eta uraren kutsadura, natura eta, beraz, gure burua gaixotzen dutenak, gure ingurua eta ingurukoak gaizki tratatzearen ondorioa dira. Etxekalte dihardugu. Oreka galdu izanaren seinale. Naturaren eta gizartearen oreka galtzean geure oreka galtzen dugu. Bizitza ondo kudeatzeko ekimena beharrezko dugu, baina denbora laburrean asko lortzeko gehiegizko grinak ez du mugarik. Hamarkada batzuk bizi behar duen gizakiak zertarako halako aberastasun eta botere gosea! Natura erre eta itotzeko? Harmoniatsuago bizi ziren gure aurrekoak.

XVI-XVII. mendean bizi zen Thomas Hobbes filosofoak esana da: Homo homini lupus; gizakia gizakiarentzat otso. Gizakiok gu geu gara arazoa, desorekaren ardatz eta eragile. Antzeko mezua utzi ziguten idatzita F. Nietzschek eta Migel Unamunok ere: gizakia animalia gaixoa da. Gaur arte dirauten alferrikako gerra eta gatazka antzuek arrazoia ematen dietela esango nuke. Izan dira gizakia berez ona dela aldarrikatu zutenak ere. Hala, gai askotaz idatzi zuen J.J. Rousseau. Gizakia ona da berez. Gizarteak gaiztotzen du. Heziketa egokian jartzen zuen berak aterabidea, baina ez dirudi oraindik asmatu dugunik.

Ume jaioberria eta lehen pausoetan musuak baino besterik jasotzen ez duena, ostikadak, mespretxuak, bullying-ak sufritzen –edo egiten– hasten denean… akabo inozentzia! Umeak azkar ikasten du: zer ikusi, hura ikasi. Erraz ulertzen da. Berezko giza kondizioa da gure gaixotasuna edo lehia zororako grina hau ala Rousseauk zuen arrazoi? Badugu zer aztertu.

Natura garenez bizi gaitezen natural: umetan xalo, gaztetxotan umekeriak utziz, gaztetan gaztetasun orekatuan biziz, helduaroan gaztekeriak baztertuz, zahartzaroa naturak eskaini digun opari moduan hartuz, ez dadila zahartzeria bihurtu, eria gaixotasuna baita. 90 urtetik gorako aitita batek bere bilobatxoari emandako erantzunarekin amaituko dut: "Aittitta! Zu zaharra zara, ezta?". Aittittak: "Izan nintzen zaharra. Oraindik joateko zain nago".