Agian, jende gehienari xehetasun txiki hori logikoa eta agerikoa gerta dakioke, eztabaidatu beharrik ez dagoen zerbait, azken batean aurkikuntzaren identitatea ezagutaraztea baino ez delako. Hala ere, praktikan eta tartean beste interes ezkutu batzuk daudenean, xehetasun txiki hori eztabaida latza bihur daiteke. Urrutira joan gabe, Mendaroko udaletxeko osoko bilkuran, asteazkenean, azaroaren 25ean, egin zen Ormolako lehoiaren aurkezpenaren hasieran sentitu genuen hori, Mendaroko alkatearen eta Mutrikuko Burumendi espeleologia taldeko ordezkarien hitzartzean. Halako iritzi-norgehiagoka bat izan zen, Ormolako lehoiarentzako izendapen egokienaz ari zirelarik. Hasteko, aurkikuntza Mutrikuko espeleologoek egin zutenez eta aurkezpena haiek hastekoa zutenez, pantailan Arnoko lehoia izenburua jarri zuten, eta izen hori ezagunagoa eta integratzaileagoa zela justifikatu zuten haiek. Hasieran onargarria eta sinesgarria iruditu daitekeen hori, baina, ez da faltsukeria handia besterik, Ormolako leizea Txoriaitz eta Kanpantzar mendien artean dagoelako, Mendaroko lurretan eta, beraz, ez duelako zerikusirik Arno mendiarekin, ez eta Mutrikuko udalerriarekin ere. Egia da espeleologook Ormolako leizea Arnoko karstean kokatzen dugula, baina izen hori geologikoa baino ez da, leizea zein kareharri-bloke handitan dagoen zehazteko eta ondoko Izarraitzeko Karstetik bereizteko erabiltzen duguna. Bitxia bada ere, Ormolako lehoiari Arnoko lehoia deitu zitzaion aurkezpenean, Arnoko Karstari ezelako aipamenik egin gabe, eta hori oso da susmagarria. Kontuan hartuta Euskal Herri gisa gure nortasunari eta identitateari ematen diogun balioa, uste dut behin hona ezkero, ez genukeela halakorik onartu behar.