Ez beste inork

Erabiltzailearen aurpegia Antton Aizpurua 2026ko uztailaren 11

Ikasitakoak errepasoa eta birgogoratzea behar ditu ahaztuko ez badugu. Euskaltzaleok ez diogu nekeari aurre hartu behar, ordea, galbanari halabeharrez egiten baitio ihes euskararen auziak. Euskarak hiztunak behar izateaz gain, dendariak, lagunak, ikasleak, irakasleak eta epaileak ere berekin behar ditu irauteko asmorik badu.

Ustezko hizkuntzen arteko bizikidetza orekatuak gehiago du ustezkotik orekatutik baino. Horregatik, premiazkoa da orekatik ustezkotik baino gehiago ikusten dutela diotenei inozo traza hartu baino –izan badiren arren– mesfidantza erakustea. Diglosiaren gorengo mailak eskuragarri uzten dizkien pribilegioak mantentzeak ez baitakar behekoon garondoetan euren zapaten markak egonkorrago bihurtzea soilik; euskararen potentzialtasunaren balioa neurtzen dabiltzanak euskaratik urruntzen ditu, eta hauek epaileak bezain ezinbestekoak zaizkio euskarari.

Orain irmo eta tentuz jarduteko garaia da. Ikasgelako atzeko aldetik paper bola bat botatzen zigutenean nola, aurkaria nor den identifikatzen asmatu behar dugu inguruan ditugun guztien aurka egin baino. Herentziaz jasotako gerra honen azken bataila klase-posizio jakin bateko erdaldunek hasi dute, ez beste inork.