Anai-arrebetatik, Juan Bautista izan zen etxerako gelditu zena, Petra Pagate Albizurirekin ezkonduta. 1952. urtean, eraberritu egin zuten baserria: beste solairu bat altxatu zioten, ganbara modura erabiltzeko asmoz. Ze materialekin egin ez egin erabakitzeko orduan, Joxiok, Jose Mari Ardanza arotz ermuarrak esan ei zion lagun etxejaunari: ““Botaik porlana, gehitxuao kostako hak, baina ez haz damutuko! Botaik porlana!”. Eta ez zuten damurik izan!
Orduko baserritarrei kosta egiten zitzaien porlanaren aldeko hautua egitea, zeren sabaian haren gainera botatako arto, gari eta sagarrak hezetu egiten ziren ustea oso zabalduta zegoen. Estakuan, egurra kendu eta porlanez estali zuten lurzoru guztia. Handik aurrera, baserri askotako joera egurra kentzea izan zen, sitsak jan eta usteltzera errazago egiten zuelako; porlanez gogortu ziren etxeetako behe eta horma asko.