1909

Artamendiko aittitte

Erabiltzailearen aurpegia Aspaldiko argazkiak

Mallabia, 1909.

Juan Domingo Artamendi Ibarluzea 1835eko urriaren 16an jaio zen bere abizeneko baserrian, bost seme-alabetan bigarren Pedro Artamendi Urizar eta Maria Josefa Ibarluzea Solozabalek osatutako familian.

Emaztea, Maria Joaquina Donagarai Unamunsaga, albo-alboko Zereinza, ahozkotasunean Zeintze baserriko alaba izan zen. Artamendira ezkondu ziren eta alaba bakarra izan zuten, Eusebia, bertan jaiotakoa 1867an. Urte gutxira etxe azpiko lurretan beste etxe bat egitea erabaki zuten,  “etxeko oilluek aillegatzen ez diren lekuen” altxatuz. Artamendiko oilook ez jakin ailegatu baziren haien etxera, baina Juan Domingo behintzat neska-laguntzen pausu larregirik eman barik ezkondu zen Maria Joaquinarekin, alboko baserriko oilandarekin. 

1870an amaitu zuen bikoteak bere habia berria, Artamendi Bekoa izena jarrita. Kozkondu zenean, alaba Berrizko moja-ikastetxera bidali zuten ikasketak egitera, baina agudo atera zuten, erlijiorako bidea hartuko ote zuen beldurrez. Etxera ezkonduta, 11 seme-alaben ama izan zen Eusebia.

Artamendiko aittitte, alargun eta lobez inguratuta zendu zen 1924an, martxoaren 2ko egunez. Zahartzaroko makaltasuna izan zen bere heriotzaren zergatia; bere 88 urteak ez ziren makalak izango, ez, sasoi hartako gizaseme batentzat!