Burura etorri zitzaidan lehen gauza: Kaliforniako tekno-oligarka ultra-aberatsa da Zuckergerg. Thiel bere lagunaren Palantir enpresarekin eta, immigranteak topatzeko, ICE poliziarekin erabiltzaileen datuak partekatzen ditu; bere plataformetan zionista hitza debekatu zuen; Hawaii azpian bere buruarentzat makrobunkerra sortzen ari da... Gizon horren bildumetan falta zena, gure osasuneko datuak? Benetan?
Bigarren gauza: adierazitako sareko helbidera joan. Zerbitzua onartzeko aukera bai, baina baztertzekoa ez nuen aurkitu. Serio zabiltzate?
Aspaldi nabil Ipar Amerikako teknofeudalisten plataformetan izena eman beharreko premiarekin haserre, nire medikua horrekin hasi baino lehen ere, lanean eta aisialdiko jardueretan. Eta, izan ere, Whatsappi boikot egitea erabaki nuen orain dela urte batzuk. Bi urte iraun nuen greban. Gero, semeen arratsaldeko jarduerez ez nintzelako behar bezala eta behar bezain pronto jabetzen, app hori instalatzera bultzatu ninduten. Benga, ba: nire agenda, kontaktuak, harremanak, denak Zuckerbergen disko gogorretara. Dena ematen ez badiozu ez baitabil.
Teknologia berriak ez dira berez txarrak, nik ere semeen futbol taldeko gurasoekin txata izan nahi dut, eta, agian, medikuaren txanda modu erosoan jaso. Baina erabiltzen diren sistemak norenak diren galdetu beharra dugu. Zergatik jo behar dugu Kaliforniako faraoi batengana? Nik uste dut tokiko eragileen txanda dela, tokiko aukerak sortzeko. Barrena.eus bezalako eragileenak. Sor ezazue matrix protokolo librea darabilen komunikazio-zerbitzaria, eta eman @barrena.eus domeinuan erabiltzaileak eta txat kanalak erraz sortzeko aukera, telefono-zenbaki pribatua eman gabe... Polita litzateke. Zuckerbergen eta lagunen enpresen orbitatik at. Arnasa hartzeko. Hor osasuna.