Azken asteotan Gudarien Plazaren eraldaketaren inguruan hainbat iritzi eta kezka plazaratu dira. Herritarren ekarpenak eta kritikak entzutea beti da garrantzitsua, eta Udalaren ardura ere bada hartutako erabakien zergatiak argi azaltzea.
Lehenik eta behin, ezinbestekoa da gauza bat argitzea: Gudarien Plaza oinezko bihurtzeko erabakia aurreko legealdian hartu zen. Erabaki hori Next Generation funtsen bidez bultzatutako deskarbonizazio-politiken barruan kokatzen zen, eta helburua zen ibilgailuen presentzia murriztea eta herritarrentzat oinezkoentzako espazio bat sortzea.
Hortaz, oinezko bihurtzeko erabakia ez da legealdi honetan hartu. Legealdi honetan erabaki eta zehaztu dira, berriz, eraldaketa hori nola gauzatu eta ingurunearekin nola integratu, ahalik eta emaitza onena lortzeko.
Eta horretan jarri dugu arreta.
Plaza ingurunearekin ahalik eta modu egokienean integratzeko, errepidea asfalto inprimatuarekin egingo da. Paseo Estaliaren aurrean espaloi berri bat sortu da, oinezkoen ibilbideak hobetu eta espazioaren antolaketa egokiagoa bermatzeko. Era berean, ibilgailuen abiadura murriztea aurreikusten da, plaza berriak izango duen izaerarekin eta, batez ere, oinezkoen segurtasunarekin bat eginez.
Autobus-geltokiari dagokionez, proposamena ere aztertu da. Baina hemen ere datuak argiak dira: Paseo Estaliaren aurrean sortutako espaloiak ez du autobus-geltoki bat egiteko behar adinako neurririk. Ez da, beraz, Udalaren borondatearen araberako kontua. Espazio fisikoak berak ez ditu betetzen autobus-geltoki batek behar dituen baldintzak.
Aparkalekuari dagokionez ere, beharrezkoa da errealitate osoa kontuan hartzea. Gudarien Plazan doan ordu erdiz aparkatzeko aukera zegoen. Gaur egun, Estazio Zaharrean ordu betez doan aparkatu daiteke eta, gainera, beste bi orduz ere bai, ordainduta, bertakoentzako erreserbatutako gunetik kanpo.
Horregatik, zaila egiten zaigu ulertzea aldaketa hori aparkalekuaren ikuspegitik atzerapauso gisa aurkeztea. Lehen ordu erdiz doan aparkatu zitekeen; orain, ordubetez. Eta behar duenak denbora gehiagoz ere badu aukera, dagokion ordainketa eginda.
Gudarien Plazaren eraldaketak, noski, aldaketak dakartza. Urteetan zehar ibilgailuek izan duten protagonismoa murriztu eta plaza oinezkoei, herritarrei eta espazio publikoaren erabilera sozialari itzultzea aldaketa handia da. Eta aldaketa orok bezala, egokitzapenak eskatzen ditu.
Baina aldaketa horren atzean helburu argi bat dago: Deba jasangarriagoa, oinezkoentzat seguruagoa eta herritarren gozamenerako espazio publiko hobeak dituen herria izatea.
Ez dugu esaten proiektua perfektua denik, ezta etorkizunean hobekuntzak egin beharko ez direnik ere. Udal Gobernu honen jarrera ez da hori. Plaza erabiltzen den heinean, haren funtzionamendua aztertuko dugu eta beharrezkoak diren hobekuntzak baloratuko ditugu, betiere herritarren beharrei erantzuteko prest.
Baina eztabaida serioa egin nahi badugu, datu eta errealitate guztiak mahai gainean jarri behar ditugu.
Gudarien Plaza oinezko bihurtzea ez da atzerapauso bat. Aurrez hartutako erabaki baten garapena da, eta legealdi honetan ahalik eta modu eraginkorrenean eta integratuenean gauzatzen ari gara.
Eta aparkalekuari dagokionez, galdera bera egitea besterik ez zaigu geratzen:
Non dago, bada, atzerapausoa?
Alazne Txurruka
Debako alkatea