Debako Udalak jakinarazi du Amillagako hilerria itxita egongo dela azaroaren 1ean, Santu Guztien Egunean, bertan egiten ari diren lanak direla eta. Gorpuzkiak Artzabalgo hilerrira lekualdatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, eta, lanak oraindik amaitu ez direnez, ezingo da Amillagako hilerrira sartu. Hori dela eta, Udalak herritarrei egoeraren berri garaiz eman nahi die, egun horren inguruko bisitak aldez aurretik antolatzeko aukera izan dezaten.
Santu Guztien Eguna data esanguratsua da familia askorentzat, eta ohikoa izaten da egun horretan hilerrira joatea, hildako senideak eta gertukoak oroitzeko. Horregatik, Udalak herritarren ulermena eskatu du, eta gogorarazi du Amillagako hilerriaren itxiera beharrezkoa dela lanak segurtasunez eta behar bezala gauzatzeko.
Era berean, Debako Udalak berretsi du lekualdatze-prozesua ahalik eta arreta eta errespetu handienarekin gauzatzen jarraitzen duela, eragindako familiekin elkarlanean. Prozesuaren inguruko zalantzak dituzten herritarrak Udalarekin harremanetan jar daitezke, behar duten informazioa jasotzeko.
Amillagako hilerriaren lekualdatze-prozesua
Artzabalgo hilerri berria 2022ko martxoan ireki zen, eta ordutik Amillagako hilerria ixteko eta bertako gorpuzkiak lekualdatzeko prozesua garatzen ari da Udala. Horren baitan, 2026ko ekainaren 1ean hasi ziren lehen desobiratze-lanak, eragindako familiekin aurrez egindako kudeaketen ondoren. Lan horiek prozesua modu ordenatuan eta hildako pertsonen duintasuna errespetatuz gauzatzeko helburuarekin egiten ari dira.