2026ko aurrekontuak: EH Bilduren irakurketa

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba 2025eko abenduaren 30a

Debako Udalak abenduko ohiko udalbatzarrean onartu zuen 2026ko aurrekontu orokorra. EH Bilduk abstentzioa hobetsi zuen, egindako ekarpenek ez dutela aurrekontuetan islarik izan mahaigaineratu eta udal gobernuak erantzun makala eman dielako.

Aurrekontuen lanketa oso berandu hasi du aurten EAJren eta Orain Debaren udal gobernuak. Alkateak azaroaren 24an bidali zuen lehen aurrekontu proposamena eta hainbat alor zehaztu gabe zeuden. Abenduaren 2an aurrekontuak lantzeko bilera egin genuen, EH Bilduk hala eskatuta. Gaia jorratzen hasi garenetik, normala den bezala, aldaketa ugari egon dira. Sail bakoitzeko aurrekontuak abenduko batzorde bakoitzetik pasako zirela ere hitz eman zitzaigun, baina hori ez da bete, Gizarte Zerbitzuetako batzordean bakarrik txertatu zen aztergai gisa.

Hala ere, EH Bilduk aurrekontuei lotutako irakurketa sakona egin zuen udal gobernuari helarazitako dokumentu batean. Dokumentu horrek hiru atal nagusi ditu:

 

  1. 2025eko aurrekontuen baitako akordioaren balorazioa:

Urte osoan zehar ez da akordio honen inguruko jarraipena egin. EH Bilduk akordioaren betetze mailaz hitz egin beharra zegoela adierazi bai, baina alkatetzak ez du ezer erantzun.

Akordioaren puntu guztien balorazioa egin ostean, 2024ko abenduan sinatutako aurrekontuen inguruko konpromisoen betetze maila erdizkakoa izan dela uste dugu. Hartutako konpromisoak aurrera eramateko borondate gehiago behar da. Udal gobernua osatzen duten alderdien baloraziorik ez dugu jaso oraindik.

 

  1. 2026 urterako aurrekontua onartzeko prozedura eta honi lotutako testuingurua:

Denboraz larri ibili gara lanketa berandu hasi delako. EH Bilduk bere kezka adierazi zuen horrela lan egin behar izanagatik, izan ere, aurrekontu proposamen definitiboa abenduaren 17an bidali zen, udalbatzarra baino egun bat lehenago.

Testuinguruari lotuta, Zubeltzu zinemaren erosketaren erabakia ere aipatu genuen, izan ere, akordio baten baitan konfiantza giroa landu beharra dago eta udal gobernuak EH Bildurekiko eta orohar herriarekiko erakutsitako jarrera oso urruti dago konfiantzazko jarrera batetik.

 

  1. 2026ko aurrekonturako EH Bilduren proposamenak:
  • HAPOa eta Azterketa sozio-ekonomikoa: 2024an eta 2025ean HAPOaren berridazketarako eta azterketa sozio-ekonomikorako partidak sortzea eskatu dugu. 2026ko aurrekonturako partida horiek sortu izana eta aurreikusitako diru kopurua begi onez ikusten ditugu.
  • Mankomunitatea: aurreko urtean hartutako konpromisoa betetzea, eta sortzen den hondakin kopuruaren araberako ordainketa sistema ezartzea.
  • Zubeltzu zinema kultur ekipamendu bihurtzeko bideragarritasun teknikorako eta ekonomikorako azterlana egitea. 35.000€
  • Kultur ekipamenduari lotutako partaidetza prozesua garatzeko Partaidetza ekintzak partida doitzea: 10.000€tik 20.000€ra igotzea.
  • Paseo Estaliaren itxitura proiektua: 20.000€.
  • Aldats pilotalekuaren gainaren azterketa eta gune balio anitz bat sortzeko aurreproiektuaren idazketa: 20.000€.
  • Amillagako UJPan hartutako konpromisoari lotuta eta HAPOaren lanketari lotuta udalerri osoko trafiko azterlana: 15.000€.
  • Larrialdi plana eguneratzea: 15.000€.
  • 2026 urtean zehar Berdintasun eta Migrazio teknikaria lanpostua sortzeko konpromisoa hartzea.
  • Gizarte Zerbitzuetako inbertsioetarako: 30.000€.
  • Liburutegiko argiterian inbertsioa egitea.
  • Barrena eskualdeko proiektu komunikatiboa: 35.000€.

Alkatetzak EH Bilduren proposamenei emandako erantzunak ez zuen inongo konpromisorik hartzen eta aurrekontuan ez zen islatzen EH Bilduk eginiko eskakizunik. Proposamenei heldu beharrean, izkin egiteko saiakera gisa definitu zuen EH Bilduren bozeramaileak abenduaren 18ko udalbatzarrean. Hala ere, aurrekontu handi eta anbiziotsua dela nabarmendu zuen eta HAPOa zein Etxebizitza plana bezalako proiektu estrategikoak barnebiltzen dituena. Zubeltzu zinema kultur ekipamendu bihurtzeko bideragarritasun teknikorako eta ekonomikorako azterlana egiteko diru partidarik ez jarri izana leporatu zion EH Bilduk alkatetzari.