IRITZIA

EH Bildu Deba: "Arduragatik aurrera, egiteko moduekin kritiko"

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba

Gaur azaroko udalbatzarra izango dugu eta landuko diren aztergai garrantzitsuenen inguruko gure iritziaren berri eman nahi dugu.

Ezer baino lehen gogorarazi nahiko genuke udalbatzarrean landutako gaien eta alderdi guztiek horien inguruan adierazitakoaren berri eman beharko lukeela udalak. Hau diogu, aurreko agintaldian udalbatza bakoitzaren ostean bertan jorratutako gaien inguruko laburpena jasotzen genuelako, eta bideoa sortutako albistean bertan txertatzen zelako. Agintaldi honetan ordea, ez da horrelakorik egiten: bideoari ez zaio zabalkunderik ematen eta jorratutako gaien laburpenik ez da jasotzen, gai zehatz batzuen albisteak baizik. Hori zuzendu beharko litzatekeela uste dugu.

Bizikidetza eta espazio publikoaren erabilera arautzeko ordenantzari dagokionean, batzordean adierazi genuen bezala, zehapen prozedurak (isunak) martxan jarri ahal izateko tresna soil gisa aurkeztu den ordenantza da.

Gehienbat uda garaian kalean erabiltzen diren bafleekin dagoen arazoak ekarri zuen bizikidetza ordenantzaren gaia mahai gainera. Dokumentu zirriborroa bi aldiz ekarri da batzordera, baina behin ere ez da landu alderdien artean, hau da, honekiko alderdi bakoitzaren postura zein den galdetu den arren ez da gaia sakontasunean jorratu.

Bafleen kontuaz gainera espazio publikoaren erabilerari dagozkion beste kontu batzuk arautzeko eta isuntzeko proposamena dakar ordenantzak. EH Bilduren ustez, proposamen honek pedagogia eta eragile zein herritarrekin lanketa zuzenagoa egitea eskatzen du, baina beste behin inoren ekarpenik gabe udalbatzako gehiengoarekin joko dute aurrera.

Lersundi kalearen konponketarako kreditu aldaketa dela eta, dezenteko eztabaida izan genuen Antolakuntza batzordean. EH Bilduk hasieratik nabarmendu zuen Lersundi kalearen egoera tamalgarria zela, baina hori azken urteotan nabarmena zela eta lehenago ere aurreikusi zitekeela. Konponketak orain egitearen aldeko iritzia adierazi genuen. Hala ere, gogor kritikatu genuen erabakia ia hilabete lehenago gure bizkarrera hartu izana, gaia inolako batzordetatik pasa gabe, eskuhartze urgentea zela aitzakiatzat erabiliz. Nekagarria da udal gobernuarekin etengabean horrelako prozedura kontuengatik eztabaidan aritu beharra, hala ere, Alkateak aurrerantzean jarrera aldatzeko konpromisoa hartu zuen. Denborak erakutsiko du zein den jarraitzen duen bidea.

Bizikidetza ordenantzaren zein Lersundi kalearen konponketaren gaietan ez dugu kontrako jarrerarik erakutsiko, baina egiteko modu horiek errefusatzen ditugunez ez dugu alde bozkatuko. Hortaz, dugun arduragatik aurrera egingo dugu abstentzioaren bitartez, egiteko moduekin kritiko.