Ogi eta sagardo artean, meloiak

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxaniz 2026ko uztailaren 4a

Ikerrek eta Alaitzek mahai gainean jarritako meloiari kosk egin beharrean naiz neu ere. Ikerrek meloiaren lekuan ogia eta sagardoa proposatzen zituen, baina, tira… Egoera irudikatzearekin Jesusen azken afaria etorri zait burura. Ados, sagardoari urruti samar geratzen zaio odolaren tankera, baina grazia egin dit bi mahai-inguruen arteko parekotasunak: bata, Jainkoaren semearena eta haren hamabi apostoluena; bestea, mundua konpontzeko saiakera traketsetako batean filosofatzera batu diren tertuliakideena.

Parentesiarekin tentsioa apur bat apalduko genuelakoan, itzul gaitezen harira. Jende askok baztertzailetzat jo du aurtengo GGB eguneko bazkariko parte-hartzea 18 urtetik gorako kideentzat mugatu izana. Uler dezaket 2009an eta 2010ean jaiotakoek beren burua baztertuta sentitu izana, baina ez dut uste bazkari hau aurrera eramateko lanetan ari denari bazterkeriaz jokatu izana leporatu dakiokeenik, lehen aldiz adinaren araberako erabaki bat hartzeagatik.

Lanean ari denak erabakiak hartzeko erabilitako irizpideak eztabaidagarriak izan daitezke, eta horretan ados gaude denok. Lanean ari garenok argi daukaguna da Gune Askearen funtzioa norbanako oro aske eta seguru senti dadin beharrezko baldintzak bermatzea dela, gune horren askatasuna noiz urratuko zain egon gabe. Bazkariaren harira hartutako erabaki batek sortu duen harrabotsa ikusita, orain geure buruari galdetzen diogu: gaitzesgarria inor kanpoan uztea bada, nola erantzungo dugu inor bestelako arrazoiengatik Gune Asketik kanporatu behar bada?