Ondo eta arin

Erabiltzailearen aurpegia Enrike Izagirre

Dodoaren birsorkuntza, duela 300 urtetik desagertua. (Bioscience kolossala)

Urrira gatoz. Pilarika egunetik atzera, uso-pasea eta eskopeta hotsa. Kuadrillan gaia irtenda, lagun batek sarri atera ohi duen hizkera urre finez, lehengoek esaten zuten usoari tiro egiteko, begiak ikusi bihar zitzaizkiola, bestela altuegitik doan seinale aipatu zigun afarian. Paseko usoari begiak ikusi! Atzotik esamoldearekin liluraturik, sormena hegaztietara lerratuta darabilt gaur goizean. Zutabe baterako aproposa dirudi.

Zenbait esaerak literalki adierazten dutenari bezainbeste, zehazten ez dutenari begira jartzen gaituzte. Gure amari ikasitako "ondo eta arin, txoriak hegan" dioena, esaterako, salbuespen baten berri ematen ari zaigu: txoriak hegan bai, baina zuk ez dezazula ondo eta arin ezer egin ahal izaterik espero.

Lise Meitner fisikariaren biografia bat irakurri nuen orain urte batzuk. Interesgarria egin zitzaidan, eta ez dirudi ez zen konturik zioenik delako biografia hartan. Lisa Meitner fisio nuklearraren aurkitzailetzat jotzen da, Otto Hahn izeneko beste fisikari batekin batera. Hobeto eta arinago azaldu ezinda, hogei eta hamar urte eraman zien ikerkuntzak, eta 1944an Otto Hahn-ek Nobel saria jaso zuen, baina Lisa Meitner ez zuten sari harekin ohoratu. Atsotitzean antzera, Nobel sariak ere errealitatearen mutur bat bakarrik islatzen du, esanahi osoa norberak ikertu eta borobildu behar duen bitartean.

Ez-berdintasun kontu honek dodo izeneko hegaztien iraungipena gogorarazi dit. Batetik, Maurizio uhartean isolatuta eboluzionatzetik, dodoak ez omen zuen gizakiarenganako beldurrik garatu; bestetik, hegoak izan arren, ezin zuen –gaurko oiloen antzera– hegan egin. Gure berdintasun ideiak ere Utopia izeneko irla hartan kokatu, konfiantzan pausatu baina hegada hartu ezinik, bertan iraungitzekoak ote dira? Horixe zertu zait goiz parteko pasealdi ederrean. Urriak hiru egun ditu gaur. Datorren urteko urrirako Baztango mutil-dantzen izendapenak aipa genitzake, beharbada.