Hondamendia erabatekoa da Gazan, eta Trumpen planarekin, armadak lurraldearen % 60 baino gehiago bereganatu du. Duela urtebete su-eten faltsua indarrean sartu zenetik, Israelgo armadak 1.300 pertsona hil ditu Gazan, eta 8.000 gorpu hondakinen azpian daude. Aldi berean, Zisjordanian kolonoek 1.200 eraso burutu dituzte 2026an, Israelgo armadaren laguntzarekin, Etxe, azpiegitura eta herrixken suntsiketa planifikatu honek palestinarrak bere lurraldetik kanporatzea du helburu. Haien lurren kontrola hartuta, Netanyahuren gobernuak kolonia sionista berriak eraikitzea eta handitzea onartu du.
Aldi berean, Israelek eskualde osora eraman du gerra azken urte honetan, Libano, Siria, Iran eta Yemen erasoz, Palestinari emandako laguntzagatik, eta horrekin guztiarekin, mundua espiral militarista arriskutsu batera eramanez.
Mundu guztiak badaki genozidio hau ez litzatekeela gertatuko nazioarteko komunitatearen konplizitatea ez balu, hiru urte geroago Israelen aurkako neurri irmorik hartu gabe jarraitzen baitu. Europar Batasunak "lehentasunezko bazkide" estatusa mantentzen jarraitzen du Israelentzat, eta CAF bezalako euskal enpresek, Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duena, negozioa egiten jarraitzen dute genozidioarekin, NBEk salatu duen bezala.
Horregatik, Ermua Palestinarekin Ekimenak herritarrei berriro kalera ateratzeko deia egiten die, gure gobernuei presio egin diezaiegun, deklarazioetatik haratago, genozidio honen erantzuleen aurka egin dezaten behingoz, zigorrak ezarriz eta Israelekin mota guztietako harremanak hautsiz.