Santixauak 2026 - Ermua

Txikuriko laguntzaile eta bezeroei esker onez

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Birusa Elkartea 2026ko uztailaren 31

Euskal Birusa Elkarteak Santixau jaietan jarri duen Txikuri tabernara gerturatu diren guztiei bere esker ona helarazi nahi izan die, norbanako edo taldean aritutako ehundik gorako laguntzaileetakoa izan edo bertaratu diren ehunka bezeroen artean egon.

Soilik sei egunez zabalik egongo den txosna bat martxan ipintzea ez da txikikeria, hilabeteak lehenago aktibatu beharreko kontua da. Lehentasunezko eta garrantzitsuena beti patxadazko lokala jiratzearena izaten da; zorionez azken lau urteetan Aranburu Zenarruzabeitia familiaren eskuzabaltasunari esker du elkarteak Baldespina kaleko Txikurixa, jarri eta kentzeko moduko jaietarako taberna. Erreskadan datoz gero udal-baimenak, genero-eskaerak, laguntzaileak topatzea, egunak aurretiko muntaia, inauguraziorako urduritasuna… Azkenean topa eginda ematen zaio irekiera euskaltzaleen topagune izateko asmoz sortutako espazio horri. Eta halan izan da izan ere!

Herri ekimena da egitasmo honen muinetako bat eta taberna-barraren atzean zerbitzari aritzeko lagun ugari prest azaldu dira  aurten ere; barraren besteko aldean, ordea, herritar are ugariago bertaratu dira, izan lagun artean, bikotean zein familian. Han izan dira ere goizetan garbiketa egiteko ardura hartu dutenak, patata-tortila eder askoak ekarri dituztenak, muntatzen ezezik desmuntatzen ere esku bat bota dutenak… “Guztion artean, guztiona delako aurten ere aurrera atera dugu Txikurixa” esan dute elkartetik “eta eskertzea besterik ez dugu”. Euskal Birusarentzat urtean zehar euskaren alde burutzen dituen ekimenak autofinantzatzeko bermea da Txikurixa: hala nola San Martin azoka, Hartza, San Juan sua, Barrena aldizkaria, Berbetan,  Berbatruk, Ermuan Bagara, Ahozko ondarea, Ermuan kantuan…

Erlazionatuak