Fikusa

Erabiltzailearen aurpegia Goizane Aizpurua 2026ko urtarrilaren 30a

Probatu egin behar duzu. Asteburuan beteta egoten da, baina astean zehar goiz joanez gero beti dago lekuren bat bazkaltzeko, argitu zion. Kafea makinaren zulotik jaso eta plastikozko makilatxoa erreskatatu zuen apar artetik. Maiderrek makinarako gordetzen zituen txanponez betetako zorroa atera eta banaka jaurtitako zentimo bakoitzaren oihartzunak bete zuen jantokia. Oraindik hutsik zegoen..

Ostiralen bat libratzerik banu... urteko jaiegun guztiak dagoeneko xahutu ditut, ordea.

Aulkiak mahaietara eta mahaia lurrera iltzatuta zituen egur eta burdinazko egituran eseri ziren. Parez pare. Maiderrek aulkiaren eta mahaiaren arteko hutsunea eroso betetzen zuen. Sara bertan esertzen zen bakoitzeko hutsunea bitan banatzen zen: gorputzetik mahaira eta gorputzetik aulkiaren bizkarraldera.

Gainera, denbora izanda ere, ez dakit halako lekuak gustatzen ote zaizkion; hamaika urteko aldea hamaika urteko aldea da, gehitu zuen Sarak, aulkiaren deserosotasuna disimulatzen zuen bitartean.

Kamiseta gorridun bi langilek fikusa bere metalezko loreontzi astunean jantokiko argi-zulo bakarraren azpira arrastaka mugitu zuten. Azken hamarkadan sabaia hazteko oztopo izan zuen landarea argi egarriz sabaiko zulorantz tentetu zen.