Ekimenaren asmoa zen Ermuko Egunean Behineko komunitatea batzea, elkar ezagutu profileko irudi huts horretatik haratago eta ekintza bat elkarrekin egin, jakinduria eta erreflexu azkartasuna beste behin erakusten saiatuz, baina batez ere ondo pasatuz. Eta horrela izan zen!
55 lagunek jokatu zuten, 12 urtetik 55 urte adinera bitartekoak. Gogotsu, irabazte eta lehiatze gosez, gerturatu ziren emozioa nabarmena zen eta ez zen gutxiagokoa haiek laguntzen etorritako edo ikusmiran hurreratutako lagun mordoxkaren zalaparta.
Parte hartzaileek telefono mugikorretan Kahoot app-a instalatuta izan behar zuten eta 10 galderez osatutako 4 errondari erantzun behar izan zioten, hain zuzen Ermua, Korrika, euskara, matematika, geografia eta kultura orokorreko abarrekoez osatutako sortari. Txanda bakoitzeko 3 irabazle suertatu ziren, erantzuna zuzen eta azkarren klikatutakoen artean aplikazioak berak izendatutakoak.
Podiumera igotzen zuten hiru irabazleek ezin zuten hurrengo errondetan parte hartu eta orotara izandako 12 irabazleak finalerako sailkatu ziren. Bosgarren erronda jokatu zuten finalistok eta azken podiuma, txalotuena, Martzel Ugena, Maitane Romero eta Libe Areitioaurtenak osatu zuten, saritxo bana eskuratuz pozarren.