Kukua kantari gure basoetan

Erabiltzailearen aurpegia Estibalitz González Solozabal 2026ko maiatzaren 27a

Hor ari da egunotan kuku kantaria, bere ku-ku bakan horiekin basoetako bazterrak alaitzen. Entzun arren gertutik ikusteko aukerarik izan ez dugunontzat, Juankar Andres mallabitarraren argazki-kamerak oparituko digu bere irudia eta Joseba Idigoras ermuarrak sortutako kantuak, Miren Bego Idigoras alabaren ahotsean, udaberriko bisitari estimatu hau hobeto ezagutzeko aukera eskainiko.

Argazkiak: Juankar Andres
Abestiaren letra: Joseba Idigoras 
Abeslaria: Miren Bego Idigoras

 

Hegazti gutxik izango dute hain kantu ezaguterreza, gutxik munduko hizkuntzetan hain izen berdintsua: cucut, kuckuck, cuculo… Espero ez eta udaberriaren bozeramaile modura ku-ku eta ku-ku aritzen denean barrenak pozten dizkigu, negua atzean utzi eta eguraldi epelagoaren iragarlea ere badelako. Entzun erruz, baina ikusi deus. Ezkutuan, kukuka jolasten ibiltzea du gustuko, baina noizean behin zuhaitz adartxoren baten gainean jarri eta argazki ederrak eskaintzea ere, Juankar Andresen naturalista pazientziarentzat oparirik ederrena.  

Esaera herrikoia da Andramari Martikorako, martxoaren 25erako agertzen ez bada, onrak egiteko, hil den seinale eta uste denez sasoi horretan pasatzen da Erromako zubitik ere. Ondo zabaldua dago baita kukua estreinakoz entzuten denean, dirua patrikan izan ezkero, urte guztian ez dela haren faltarik izango.

Afrikatik bueltan dator eta laster ekingo dio iparralderako bere bidaiari. Uste barik frogatuta dago gustuko duela beste txori batzuen habian ipintzea arrautza, txantxangorri txikiaren arrautza nimiñoen artean XL tamainako itzel bat. Ematen du jet lag-aren nekea dela edo prestaketaren gorabeherak direla bere kumeentzako txoko epel bat egiteko astirik barik ibiltzen dela. 

Beste txori espezie bateko familia berria izango du kukuaren kumeak jaiotzen den unetik eta ahaleginak eta bat egingo ditu janariaren esklusibitatea bereganatzeko seme bakar izateko: anaiordeen arrautzak kabiatik botatzea lortzen ez badu, haiek oskola apurtu ostean bultzatuko ditu etxearen epeltasunetik kanpora, jaio berrien txio-txioen erruki barik.

Herri jakinduria eta sinesmenak, zientziak frogatutakoekin batera tartekatuz idatzi zuen Joseba Idigorasek Tararai kuku kantua. Musika asmatu zion gerora eta 1987an bere alaba Miren Begok Euskal Herriko Kantu Txapelketan aurkeztu zuen, Bizkaiko txapeldun geratuz aitaren abestiari esker. Audioan alabaren ahotsa kantari eta hementxe letra, harekin batera “danok kantatu dagigun” “aprilla eta maiatzian”:

Tararai kuku tararai kuku
kantatzen dau arbola gañian,
tararai kuku tararai kuku
aprilla eta maiatzian.

Erromako zubitxik
Andra Mari egunian,
kukua pasau ei zan
kantatzeko ustian.
Baita baimena eskatu
San Pedron aurrian,
baiña ezetz esan eutsan
bertan kantau artian.

Tararai kuku tararai kuku
honek ez dau nahi lanik egitea,
tararai kuku tararai kuku 
nahiago du arbolan kantatzia.
Kukuak egin eta amillotx batek jan,
haixe bere kukuan zoritxarra bazan.

Kukua bera ere
alper haundi bat zan
txantxangorri gixajuari
umia erain otzan.
Tararai kuku tararai kuku
nik ez dot nahi eskolara juatia,
tararai kuku tararai kuku 
ez dot nahi ezer ikastia.

Ikaste ez daben umiak
kuku eiten dira,
kukua ez izateko eskolara bira.
Hamen amaitzen dira
kukuan kondairak
ta danok kantatu dagigun
kukuari begira.