Etxebizitza ez da negozioa, oinarrizko beharra baizik

Erabiltzailearen aurpegia Gorane Ayesta Maidagan

Azken hilabeteetako gertakariek agerian utzi dute etxebizitzaren arazoa gero eta larriagoa dela. Hala ere, krisi honi buruz hitz egitean, ezin gara prezio altuen edo etxebizitza faltaren azalpenetan kokatu.

Alokairua ordaintzeko zailtasunak, hipoteka baten menpe bizitzea, etxebizitza bat eskuratzeko ezintasuna eta etxegabetzeen mehatxua herritar askoren eguneroko errealitatea dira.

Egoera hori ulertzeko, arazoaren sustraietara jo behar dugu.
Gaur egungo sistema ekonomikoan, etxebizitza ez da pertsonen beharren arabera banatzen, bakoitzaren erosteko ahalmenaren arabera baizik. Horrela, oinarrizko behar bat negozio eta inbertsio-iturri bihurtu da.

Horrek kontraesan nabarmena sortzen du: pertsona askok ez dute etxebizitza duin bat eskuratzeko baliabiderik, eta beste batzuek, aldiz, hainbat etxebizitza pilatzen dituzte etekin ekonomikoa lortzeko.

Beraz, etxebizitza merkatuaren logikaren arabera banatzen bada, irabazi ekonomikoak lehenesten dira pertsonen beharren gainetik.

Egoera honen aurrean, ezin gara merkatuaren borondatearen edo politikarien promesen zain geratu. Gure bizitzak ez dira negozioa, eta gure etorkizuna ezin da espekulazioaren menpe egon. Gainera, etxebizitza duina ez da pribilegio bat, ezta espekulatzeko tresna ere: oinarrizko beharra da.

Horregatik, langileok elkartu, antolatu eta borrokatu behar dugu, etxebizitza gutxi batzuen aberastasun-iturri izan beharrean, guztion beharrak asetzeko balio dezan.