Horregatik, ezinbestekoa da azaroaren 25eko aldarrikapenak emakume langileen eguneroko bizi-baldintzen aldeko borrokekin lotzea. Azaroaren 11ko greba orokorra horren adibide argia izan zen. Etxebizitza eskubidea eta bizi-baldintza duinak aldarrikatu genituen, bi auzi horiek emakume langileen egoeran eragin zuzena baitute. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek, prekarietate ekonomikoak eta independentzia ekonomikorik ezak emakume askoren mendekotasuna areagotzen dute, eta indarkeriazko egoeretatik ateratzeko aukerak mugatu. Beraz, indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko, ezinbestekoa da haren oinarri materialei aurre egitea eta emakume langileen bizi-baldintzak eraldatzea.
Bestalde, hauteskundeen atarian, alderdi politikoen promesetatik harago joan behar dugu. Ez da nahikoa neurriak agintzea, emakume langileen babesa eta baliabide materialak bermatzen ez badira. Horregatik, kaleetako antolakuntza eta borroka ezinbestekoak dira.
Azaroaren 11ko grebak eta 25eko mobilizazioek norabide berean egin dute bat: emakume langileen borroka indartzea. Ez dugu indarkeriarik gabeko gizartea soilik aldarrikatu behar, hori posible egingo duten baldintzak eraiki baizik. Bide horretan, borroka ez da hauteskundeekin edo egun seinalatuekin amaitzen; egunero eraiki behar dugu, modu kolektiboan.