Tirabirak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Larrañaga 2026ko urtarrilaren 23a

Euskara gorroto zuela esan zidan 20 urteko ikasle batek lasai asko bere ikaskide guztien aurrean, ampere, watt eta zirkuitu elektrikoak zehazten ari ginen bitartean. Badira nahi baino gehiagotan entzungor egin ezin diren disrupzioak; tamalez, homofobia, xenofobia edota adierazpen matxistak moztu beharrean egoten baikara irakasleok.

Ikaslearengana zuzendu eta gorroto horren zergatiaz interesa adieraziz, umea zela eskolan irakasleren batekin euskararen erabileraren inguruan izandako tirabira batzuk aipatzen ditu, inongo zehaztapenik eman gabe.

D ereduan irakasle izan nintzen urteak gertu ditut oso, eta erraz irudikatu ditut klasean izandako zailtasunak; ohikoena, D ereduko ikasleek egun osoan euskaraz hitz-erdirik egiten ez zutenekoa, eta egoera horiek kudeatzeko tirabirak. Txanponaren beste aldean, ordea, tirabira horiek izan ditzaketen albo-kalteak ditut aurrez aurre, euskal zaletasuna indartu nahian euskarafobia elikatu dezakegula.