Desobedientziaz

Erabiltzailearen aurpegia Iker Lauzirika 2026ko otsailaren 6a

Denbora baterako agur esan diot Euskal Herriari, doktoretza egonaldi bat dela eta. Azken asteko agurraren korapiloaren erdian, alta, 75 minutuz beste toki batera eraman ninduen Desobedienteak 18/98 antzezlanak. 18/98 makrokausaz gain, desobedientziaren kontzeptuaz eta historian inposatutako arauaren aurrean altxatutakoez mintzo da lana. Egun ere bere funtzioa ezinbestekoa dela iradokitzen duela esan daiteke.

Paradoxikoki, arauari hain lotuta nagoen arren, desobedientzia zibila demokraziaren muina dela sinisten dut. Zuzenbidearen funtzioa gizartea kontrolatu baino gehiago hura burujabetzea izango bada, arau bidegabeen aurrean erantzuten duen gizarte bat bermatu behar du. Hala ez bada, Milgramen esperimentuak erakutsi zigun ze puntura arte iristeko gai garen.

Hala ere, desobedientzia sistematikoki zigortzen da, baita hemen ere. Esaterako, Ertzaintzak 2024an jarritako isunen %42 "autoritatea desobeditzeagatik" jarri ziren. Are, heziketa guztia obedientzian planteatzen zaigu, txintxo portatuta etorkizun oparoa izango dugun irudipenean.

Horregatik, desobediente izateko zer gaitasun gelditzen zaigun galdetzen pasa nuen antzezlana. Nik, zuk, salatuko genuke injustizia hura bermatzen duen sisteman?