Oraindik jabetu ez denarentzat, anabasa izan da sanbartolomeetako Gazte Egunaren harira. 1987an Gazte Asanbladak hasitako egun autogestionatu honek dimentsio handiegia hartu omen du eta segurtasun arazoengatik antolatzaileek 2009ko eta 2010eko kuadrillak kanpoan uztea erabaki dute. Egoeraren aurrean, gazte hauek erakutsi dute nahikoa agentzia badutela antolatu eta beren tokia aldarrikatzeko.
Eskerrak hitz kopuru mugatua dudan, nik neuk ez bainuke asmatuko konponbide onik ematen. Norberak atera eta adierazi ditzala bere ondorioak. Aldiz, arazoaren erroan dagoen bazkariaren despolitizazioa seinalatu nahi dut lerrootan. Galdetzen dut zenbateraino balio duen gaurko bazkariak Elgoibarko gaztedia elkartu eta antikapitalismoan, euskaran edota transfeminismoan hezteko. Bestela, jakin nahi nuke zergatik eta zertarako dedikatzen diegun hainbesteko indarra jai hauei.
Horregatik, gazteok despolitizatuen eta kontserbadoreen gaudela dioten unean, Gazte Eguna berriz ere balio politiko eta sozial batzuen gainean kokatu beharko genukeela deritzot. Bada garaia herritik hausnarketa prozesu kolektibo baten bitartez gure jaiak zertarako nahi ditugun erabakitzeko.
Horrela, agian, Gazte Eguneko 40. urteurrenean Elgoibarko gazteok nola antolatu gaitezkeen filosofatu genezake ogi eta sagardo artean.