Azken berba berak egin du, urteetan bere inguruan hainbeste hitz egin dela ikusi ostean. Belaunaldi alfer eta inozoa. Errespetu eta eskerrik gabekoa. Erreakzionarioa.
Azkenean, mantra horiek sinistu ere egin ditu. Nostalgiaz gogoratu ditu bizi gabeko garaiak, kritikatu saiakera politiko berriak. Zama horrek herrietan are gehiago eragin izan digulakoan nago. Familiaren gertutasuna edo aldaketak urrun gertatzen diren sentsazioa, nik zer dakit.
Dakidana da badagoela bere potentziaz jabetzen ari den belaunaldi bat. Emana izan zaigun sistema honetaz aspertu dena, eta bere jarduteko moduak dituena.
Gaztediak egin du berba, hain ozen, gizarteak ezin izan du entzungor egin. Eta, orain, ez dirudi isiltzeko prest dagoenik.