Urte berriari begira

Erabiltzailearen aurpegia Irene Macazaga 2026ko urtarrilaren 16a

2026aren atarian aukera baliatu nahi dut urte berriari eskatu nahi nizkiokeenak zerrendatzeko. Izan ere, badago zer desiratu. Ingurura begiratu besterik ez dago bizi dugun unearen larritasunaz ohartzeko.

Hasteko, Israelek su-etena sinatu ez izanarena egiten du; Gazari eraso egiten jarraitzen du, eta hara heltzen den erakundeen laguntza ukatzen du. Horri gehitu behar zaizkio palestinarrak pairatzen ari diren uholdeak. (Gure) mendebaldera begiratzen badugu –Palestinako egoerari ez erreparatzea nahi luketelako batzuek–, AEBek nazioarteko legea hautsi dute Nicolas Maduro bahituta.

Horrez gain, estatu mailan, Moreno Bonillak, Andaluziako Juntako presidenteak, Baltasar erregez mozorrotzea erabaki du –eta aurpegia beltzez margotu du, noski–. Sinestezina da nola ausartu den kaleak hartzera, Andaluziako hainbat emakumek jasan duten bularreko minbiziaren proben akats masiboaren arduradun nagusia izanda. Badirudi denak balio duela, dena dela zilegi.

Azken urteetan lortu diren aurrerapenen eta askatasun-eskubideen aurrean, ultraeskuinaren gorakadak beldurtu egiten nau. Korronte atzerakoi honek itoko gaituen sentipena dut. Ez dakit zuk, irakurle, zer eskatu diozun urte berriari. Nik argi daukat zer nahi dudan 2026an –eta aurrerantzean–: nazioarteko auzian, bakea Palestinan eta boikota Israeli; eskala txikiagoan –baina modu unibertsalean–, osasun- eta hezkuntza-sistema publikoak eta kalitatezkoak denontzat; funtsean, diru publikoa herriarentzat.

Eskatzea bezain erraza balitz lortzea…