Zeroak eta hutsak: «Eman diote zero euskarari»

Erabiltzailearen aurpegia Irene Macazaga 2026ko uztailaren 11

Urtero, ekaineko lehenengo astean, Unibertsitaterako Sarrera Proba izaten dugu hizpide. Dela egunkarietan dela telebistan, azterketa horiek beti sortzen dute zeresanen bat. Gehienetan bi astera ahazten badugu ere, xelebrekeriaren bat edo beste gertatu ohi da.

Oraindik gogoan dut duela zortzi urte, 2018an, nik neuk selektibitatea egin nuenean, Espainiako Historiako azterketa azken momentuan –azterketa baino ordu erdi lehenago– aldatu eta inprimatu behar izan zutela. Aurreko egunean sare sozialetan azterketan agertuko zen gaia zabaldu zen. Oker ez banago, urte berean Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II irakasgaiak ere zurrunbiloa sortu zuen: azterketa ez omen zetorren bat urtean zehar landu zutenarekin.

Aurtengo iskanbilak, ordea, badu anekdotikoaz harago doan alderdi bat. Dagoeneko denek jakingo duzue zertaz ari naizen. A ereduko zenbait ikastetxetako ikasle batzuek zero atera zuten Euskara eta Literatura II irakasgaian. Azkenean berrikusketa eskatu badute ere, epaitegietara jo zuten aurrena, eta epaileak ebatsi du ikasle horien notak ez direla kontuan hartu behar nota orokorra kalkulatzeko orduan.

Euskal hezkuntza sistema publikoari sekulako zaplaztekoa eman diote. Eman diote zero euskarari, eman diete zero erdi- eta goi-mailako hezkuntzan lan egiten duten profesionalei, eta eman diote zero euskara babestuko duen eta hizkuntza-politikak errespetatuko dituen justizia-sistemari.