Bularreko minbiziaz

Erabiltzailearen aurpegia Irene Macazaga

Joan den astelehenean, urriaren 19an, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna izan zen. Datu ofizialen arabera, zortzi emakumetatik batek garatuko du gaixotasuna bere bizitzan zehar, eta, oro har, emakumeek pairatzen duten minbizi-mota ohikoena da.

Alderdi klinikoa alde batera utzita, ez naiz-eta ni medikua, gaixotasun horren inguruan jardungo dut. Azken urteetan zenbait erakundek nabarmendu duten bezala, besteak beste, Izan Iñurrik eta Teta Y Tetak, bularreko minbizia ez da arrosa, marroia da, eta handia, gainera.

Beharbada, arrosa egokiagoa da marketina egiteko. Izan ere, gaixotasuna negoziorako baliatzen duten enpresak eta egitasmoak areagotu egin dira. Adibidez, Emakumearen Lasterketa bezalako jardueretan kaleak kolore arrosaz betetzen dira. Dortsal solidarioa erosiz gero, diruaren zati bat ikerketara bideratzen omen da. Hala ere, gaiari merezi duen seriotasuna aitortzen dioten zenbait kazetarik erakutsi dutenez, diru-kopuru hori txikia da. Bularreko minbiziari etekina ateratzeaz gain, parte-hartzaileen onberatasunarekin ere jokatzen dute.

Gaixotasuna garaiz harrapatzea garrantzitsua da. Horretarako, ezinbestekoa da bularreko minbiziaren inguruko ikerketek emaitzak ematea, eta behar besteko proba klinikoak une aproposean egitea. Hortaz, behar ditugu bai ondo finantzatutako ikerketak bai eta ondo finantzatutako osasun-sistema publikoa eta kalitatezkoa ere.