Historikoki, emakumeok hartu dugu geure gain zaintzaren ardura: seme-alabak hazi, etxea zaindu eta besteen beharrak gureen aurretik jarri ditugu, lan ikusezin eta ordaindu gabearen bidez. Gaur egun, ordea, lan-merkatuan ere bete-betean egotea eskatzen zaigu, zaintza-erantzukizunak desagertu izan balira bezala. Eta hor hasten da ezinezko oreka. Lanean ari gara, seme-alabei behar adina denbora eskaintzen ez diegulako errudun sentituz; haiek zaintzen ari gara, lanean huts egiten ari garen sentipenarekin. Denera iristen saiatzen gara, baina ez gara iristen. Eta, gainera, arazoa geu ote garen galdetzen diogu geure buruari.
Gure lan-bizitza zaintza-erantzukizunik ez bagenu bezala antolatu behar dugu, haurrak haztea, berriz, lanetik kanpo, denbora librean eta kosturik gabe egin daitekeela ulertarazi zaigu. Horrela, egiturazkoa eta kolektiboa den arazo baten zama familia bakoitzaren bizkar uzten da.
Kontziliazioak lana bizitzaren beharretara egokitzea eskatzen du, ez bizitza lanaren eskakizunen arabera antolatzea. Zaintza ez da familia bakoitzak egin beharreko malabar-ariketa, jendarte osoaren erantzukizuna da.
Ez genuke gure seme-alabak zaintzeko denboraren eta laneko erantzukizunak betetzearen artean aukeratu behar; sistemak ez gintuzke hautu ezinezko horretara behartu behar.
Sistemak seme-alabarik ez bagenu bezala lan egitea eta lanik ez bagenu bezala haiek haztea eskatzen digu. Eta hori ezinezkoa da.
(Ume bat titian eta besteak lokartu berri idatzitako zutabea)