Otsailak 27: Saharar Errepublikak 50 urte

Erabiltzailearen aurpegia Juantxo Diez 2026ko otsailaren 27a

Gaur, otsailak 27, 50 urte betetzen dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik. Urteurrena dela eta, Euskadiko Saharar Ordezkaritzak egindako mozioa aurkeztu du EAJk Ermuko Udalaren osoko bilkuran. Bertan, hurrenez hurren, Herri Sahararraren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen da, eta Espainiako Gobernuari zein Europako Batasunari eskaera egiten zaie NBEk agindutako autodeterminazio erreferenduma gauzatzeko neurriak har ditzaten.

Mozioa onartua izan da EAJren, Elkarrekinen eta EH Bilduren botoei esker. PSEk, aldiz, kontra bozkatu du, Ermuko herrian betidanik izandako Herri Sahararrekiko elkartasunari bizkarra emanez. Izan ere, hau ez da Ermuko Udalak onartzen duen lehenengo mozioa. Duela 10 urte, SEADen 40. urteurrenarekin batera, Ermuko Udalak antzerako mozio bat onartu zuen adierazpen instituzional batean, udalbatzako zinegotzi guztien sostenguarekin, PSEkoenak barne.

180 graduko aldaketa hau ulertzeko, 2022. urtean Pedro Sanchezek diktadura marokoarraren interesen alde hartutako posizio ofizial berria hartu behar dugu kontuan. Horren arabera, Espainiako Gobernuak onartzen du Mendebaldeko Sahararen subiranotasuna Marokori dagokiola, NBEk ezarritakoa ukatuz. Beatriz Gamizen udal talde sozialistak nahiago izan du Herri Sahararrari egindako traizioagatik Espainiako Gobernuarekin kritiko ez agertzea, sahararren eskubideen alde egitea baino.

Espainiaren rola funtsezkoa da Saharako gatazkan. Potentzia koloniala izanik, erantzukizun berezia du NBEk agindutako deskolonizazio prozesuan. Horregatik, bere jarrera erreferentea da nazioartean. Gauzak horrela, Pedro Sanchezek Marokoren plana onartzeak ondorio zuzena izan du Europako Batasunean eta NBEn. Hala, bere Segurtasun Kontseiluak joan den urrian onartu zuen Marokoren autonomia plana, Espainiako Gobernuak lehenago egin bezalaxe.

Horrexegatik da hain garrantzitsua Euskal Herriko eta estatu espainiarreko gizartearen elkartasuna indartzea Gobernua Sahararren aldeko posiziora itzularazteko, eta PSOE barruko militanteek eta kargu politikoek egin dezaketen ekarpena funtsezkoa da.

Tamalez, Ermuko PSEk ez du behar den ausardiarik izan –edo, agian, kontzientzia falta kontua da–. Sahararen alde daudela diote errefuxiatuentzako laguntza humanitarioa ematen dutelako, baina laguntza hori beharrezkoa egingo ez lukeen konponbide demokratikoari uko eginez.