Gabon jaiak, ordea, une gazi-gozoak izan dira gutako askorentzat. Etxean data hauek ilusioz itxaroten dituzten txikiak ditugu, eta, aldi berean, duela gutxi joan diren gurasoen hutsunea; zulo beltz handi bat.
Ihes egiteko gogoa izan dut, hutsunea leunagoa sentitzen den toki eguzkitsu batera joan eta egun hauek ahaztu. Baina hori egin beharrean, inoiz izan dudan zuhaitzik handiena erosi eta etxea argiz apaindu dut. Goiz batzuetan Gabon-kantak ere entzun ditut; masokista izango naiz, agian.
Beti gure zutabe izan diren pertsonak galdu dituztenei, edo galtzen ari diren lagunei, eskaintzen dizkiet hitz hauek. Guri tokatzen zaigu orain janari goxoak egin, mantelak prestatu, kopak eta platerak atera, eta gure etxera datozenen zain egotea. Guri tokatzen zaigu opariak erosi eta baserritar jantziak plantxatzea. Nahi gabe, gu bihurtu gara beste batzuen zutabe.